Eusko Jaurlaritza kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak urratuz euskaraz arreta ematen ez duten enpresak zigortzearen aurka azaldu da. Martxoan jakinarazi zuen EH Bilduk enpresek bezeroei euskarazko zerbitzua bermatzeko lege proposamena aurkeztuko zuela Legebiltzarrean. Proposamenaren helburua EAEko enpresen hizkuntza-betebeharrak zehaztea da.
EH Bilduren proposamenean sektore jakin batzuetako eta tamaina handiko enpresei arauak urratuz gero isuna jartzea aurreikusten da. Josu Erkoreka bozeramaileak azaldu duenez Jaurlaritza ez dago ados, neurria “ez delako eraginkorra eta arbitrarioa delako”.
Hori beharrean "indarrean dagoen araudia progresiboki betetzen laguntzen duten neurriak hartzea” hobeki ikusten du Eusko Jaurlaritzak. EH Bilduk azaldu zuenez, enpresa eta establezimendu guztiei harremanak euskaraz ere eskaintzeko betebeharra ezarriko lieken legea “malgutasunez, inposaketarik gabe eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta" bete beharko litzateke.
Jaurlaritzak 2008an onartu zuen kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideei buruzko dekretua baina Eusko Jaurlaritzak onartu duenez, betetze-maila eskasa izan du.
Erkoreka lege “baztertzaileak” alde batera utzi eta euskararen erabileran eragile guztien "inplikazioa sustatu eta adostasunaren" alde azaldu da, apirilaren 14ko Gobernu Kontseiluaren ondoren.