argia.eus
INPRIMATU
Euskarari buruzko araudi berria prestatzen ari da Nafarroako Gobernua
  • Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, adierazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zenbait dekretu baliogabetu dituen arren, %90etik gora babestu dituela eta, hortaz, dekretua "bizirik" dagoela.

     

     

ARGIA @argia 2019ko urriaren 17a
Indarrean diren puntuak garatzen jarraitzeko asmoa agertu du Ollok / EITB

Baliogabetu dituzten artikuluen inguruan, Allok esan du Nafarroako Gobernua "araudi berria" prestatzen ari dela. "Bertan behera gelditu diren artikuluen kasuan, epaiak hutsune juridiko bat eragin digu", azaldu du Legebiltzarrean egindako agerraldian. Izan ere, araudirik ezean, "ezinezkoa" da aurreko dekretuetara itzultzea.

Euskara meritu gisa hartzearen alde agertu da. "Ezin dugu erdipurdiko administrazio bat onartu", esan du: "Gure langile publikoek ezagutzak izateak, lanposturako derrigorrez eskatzen ez bazaizkie ere, beti erraztuko du herritarrei arreta hobea eskaintzea". Gaineratu du "dekretu murriztaileak" izan dituztela 2003an eta 2009an, eta joan den legegintzaldian onartutako dekretuak "euskararen legeak aitortzen duen eskubidea" arautu eta bermatu nahi duela, herritarrek aukera izan dezaten administraziora euskaraz eta gaztelaniaz jotzeko eta 80.000 euskal hiztun nafar baino gehiagori erantzuteko, euskara hiztun pasiboak kontuan hartu gabe.

Bi aukera aipatu ditu kontseilariak. Batetik, kasazio-errekurtsoa aurkeztea eta, bestetik, dekretua osatzeko arau berriak osatzea. Azaldu duenez, errekurtsorik ez aurkeztea erabakiko balitz edo epaia berretsiko balitz, ondorio batzuk egongo lirateke: "Eremu mistoan eta ez-euskaldunean soilik errotulatu ahal izango litzateke elebidun, ez litzateke hizkuntza gutxituen gutuna beteko, ezta euskararen legearen artikulu batzuk ere, eta euskarak ez luke merezimendu-lehiaketan puntuazio orokorrik izango, eremu euskaldunean izan ezik; beste hizkuntza batzuek, berriz, ez lukete puntuaziorik izango".