Maiatzaren 10ean agerraldia egingo du Euskalgintzaren Kontseiluak beste hainbat eragilerekn batera, azkenaldian udaletako lanpostuen hizkuntza-eskakizunetan izandako eskuhartze judizialei "desadostasuna agertzeko".
Bilboko epaitegi batek Erandion udaltzain jarduteko hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna atzera botatzea euskararen normalizazioaren aurka "botere judizialaren oldarraldiaren urrats berri gisa" jo du Euskalgintzaren Kontseiluak. Bere esanetan euskara-eskakizuna kentzeak "erabat baldintzatzen" du herritarrek udaltzaingoarekin harremana euskaraz izateko duten eskubidea.
Epaileak erabaki du Erandioko lanpostu publiko horretarako B2 mailaren derrigortasun-data ezabatzea. Horretarako beste epai bat hartu du argudio gisa, Uliazpi Fundazioaren lan-deialdiaren kontra EAEko Auzitegi Nagusiak emandakoa, nahiz eta epai hori errekurrituta dagoen. Baina "oraingoan ez dute lan deialdi baten kontra egin, zuzenean Erandioko udaltzaingoko lanpostuen ezaugarrien kontra egin dute", azaldu du Kontseiluak.
Horrek herritarren hizkuntza eskubideengan izan dezakeen eragina nabarmendu du erakundeak: "Erabat baldintzatzen du herritarrek udaltzainekin harremana euskaraz izateko duten eskubidea", azaldu du Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek.
"Behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideak urratzea are eta errazagoa izatea ahalbidetuko duten epaiak"
(Idurre Eskisabel, Kontseilua)
Ezbaian dagoena da agente guztiek euskararen gutxieneko ezagutza bat izatea, erakundearen aburuz, eta ondorioz edozein agentek herritarrari oinarrizko zerbitzu hori bermatzea.
Maiatzaren 10ean agerraldia
Kontseiluak dio Erandiokoa ez dela kasu isolatua, "azken boladan epaitegietatik datorren joera baten beste katebegi bat baizik". Erakundearen ustez, epai horiekin, udalek hizkuntza-politika egiteko duten eskumena jarri dute auzitan.
"Ikusten ari gara epaitegietatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideak urratzea are eta errazagoa izatea ahalbidetuko duten epaiak", azaldu du Eskisabalek, eta iragarri du Kontseilua Erandioko Udalarekin harremanetan jarriko dela, helegitea jartzeko babesa eta laguntza eman aldera.
Kontseiluak agerraldia egingo maiatzaren 10ean beste hainbat eragilerekin batera, goizeko 11:00etan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren Bilboko egoitzaren aurrean, esku-hartze judizial horiei desadostasuna agertzeko.