argia.eus
INPRIMATU
Euskarak "estatus juridiko berria" behar duela aldarrikatu du UEMAk
  • "Ezinegon handia" sortu du UEMAko udaletan Espainiako Konstituzionalaren osteguneko erabakiak, euskalduntzean "atzera egiteko arrisku bizia" baitago. Horrez gain, "oldarraldi honek erantzun juridiko sendoa" behar duela nabarmendu, eta lege-esparru "eraberritu" batera "bideak bilatzeko" dei egin du.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko uztailaren 07a
UEMAko udalerrien agerraldia, ostiral goizean Usurbilen

"Nahikoa da. Nahikoa dela esatera etorri gara gaur UEMAko udaletako ordezkariok", hitz horiekin abiatu du UEMAk presazko agerraldia Usurbilen, ostegun arratsean Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ezagutu eta biharamunean. Madrilgo epaitegi horrek ebatzi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eragile eta ordezkari guztiek euskaraz dakiten udalerrietan, administrazioak barne mailan euskaraz funtzionatzeak "eskubide linguistikoak urratzen" dituela.

Eusko Legebiltzarrak 2016an gehiengo zabalarekin onartu zuen Tokiko Erakundeen Legea irauli du Espainiako Konstituzionalak, bertan onartzen baitzen udalek aukera dutela barne-dokumentuak –aktak, gai-zerrendak, hainbat irizpide eta tramite...– erabat euskaraz egiteko, betiere ez badago zinegotzirik euskaraz ez dakiela alegatzen duenik. Alegia, lege horrek, bereziki, herri txiki eta euskaldunei eragiten zien. Barne mailako dokumentuak ziren, eta ez zuen arautzen herritarrekiko tratua.

Konstituzionalaren erabakiaren atzean ultraeskuina dago, VOXek duela bi urte egindako salaketa. EAEko Justizia Auzitegira jo zuen eta handik, epaitegi horrek, "inkostituzionala" izan zitekeela zalantzati, Espainiako Konstituzionalera bideratu zuen.

UEMAk argi dio ez dela hutsetik abiatzen: "Gogoan daukagu duela urte batzuk UEMAko udaletan zer nolako arazoak izan genituen honekin lotuta, aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko trabak... Eta sententzia horrek berriro garamatza orduko egoerara. UEMAko udalen aurkako eraso zuzena da epaia. Eta ez gara hutsetik abiatzen: kutsu bereko epai bat baino gehiago jaso ditugu azkenaldian. Agerikoa da: euskara sustatzeko lege-zimendua higatzen ari dira auzitegiak".

"Elkarrekin bat egin behar dugu"

UEMAko udalerriak aztertzen ari dira uneotan epaiaren ondorio praktikoak zein diren ikusteko, eta ea zein urrats eman ditzaketen orain. "Gure asmoa da UEMAko udalen euskalduntzean pausoak ematen jarraitzea, azken urte luzeetan egindako bidean sakontzea", nabarmendu dute agerraldian.

Baina "erantzuna behar" du egoerak: "Erantzuna, batetik, nahikoa dela esateko. Oldarraldi judiziala eten egin behar da".

Horrez gain, "erantzun juridiko sendoa" behar duela nabarmendu dute: "Higatzen ari dira urteetan hizkuntza-politikaren zimendu izan den lege-eremua, eta garaia dugu elkarlanean euskara sustatzeko lege-orubea egokitzeko. Azken epaien ondoren, hasiak gara pauso batzuk ematen, baina Auzitegi Konstituzionalaren azken ebazpen honek areagotu egin du horretarako premia. Egin dezagun bat, lor dezagun euskararen sustapenean urrats erabakigarriak egiteko lege-esparru eraberritu bat. Badago premia, badaukagu erantzukizuna. Bila ditzagun bideak".