argia.eus
INPRIMATU
Euskara ikasteko trabak ipintzea ukatu du Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak
  • Pernando Barrena eurodiputatuak galdetu dio ea hizkuntza gutxituen gaineko jarrera aldatuko duen Frantziako Hezkuntza Ministerioak, eta salatu du Seaskako irakasleak “jazartzen” ari dela gobernua. Blanquerrek halakorik ezeztatu du: gobernuak “eskualdeko hizkuntzen sustapenaren alde” egiten duela ziurtatu du.

Leire Artola Arin 2022ko otsailaren 09a
Pasa den ikasturtean zenbait irakaslek uko egin zioten brebeta frantsesez zuzentzeari. / Argazkia: Euskal Irratiak.

Astelehenean, otsailak 7, Europako Parlamentuan hitzartzea egin dute Frantziako Barne ministro Gérald Darmaninek eta Hezkuntza ministro Jean-Michel Blanquerrek, eta, jarraian, Pernando Barrena EH Bilduko eurodiputatuak galderak egin dizkie azaldutakoaren gainean. Blanquerrek leporatu dio ez dagozkion gaietan sartu izana: “Frantsesa ez zaren arren, frantses polemika bati heldu diozu”.

Bada, Euskal Herriari zuzenean eragiten dien gaiak izan ditu hizpide: migrazio politika eta mugen itxiera, hizkuntza gutxituen aurkako neurriak (Molac Legea zentsuratzea, besteak beste), eta Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdearen barruan ikasleen zirkulazio askea.

Blanquer ministroak azpimarratu du ama hizkuntza jakiteaz gain beste bi hizkuntza ezagutzeko helburua bultzatzen duela Frantziako Gobernuak, eta hizkuntza aniztasunean oinarritutako europar hezkuntza programa proposatu du, Naizek jaso duenez. Besteak beste, ikasleek batxilergoa Europar Batasuneko beste estatuetan egitearen eta Erasmus+ programaren alde egin du.

Barrena harago joan da: “Ikasleentzako zirkulazio eremu askeak” ahalbidetzeko eskatu du, hala nola Akitania Berria, EAE eta Nafarroaren euroeskualdean. Ezinbestekotzat jo du tituluen homologazio orokorra. Gainera, Hezkuntza ministroari egotzi dio hizkuntza gutxituak ikasteko trabak jartzea, eta gogorarazi dio Molac Legea zentsuratu egin zutela eta Frantziako Gobernuak ez duela sinatu Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna.

Seaskako irakasleen jazarpena

Adibide zehatzagoetara joanda, eurodiputatuak salatu du Hezkuntza Ministerioa euskara ikasteko trabak jartzen eta Seaskako irakasleak “jazartzen” ari dela, baxoa eta brebeta euskaraz egitea eskatzeagatik. Izan ere, otsailaren 3an jakinarazi zuen Bordeleko Errektoretzak zigortu egingo dituztela pasa den ikasturtean brebeta frantsesez zuzentzeari uko egin zioten irakasleak.

Blanquerrek erantzun dio gobernuaren helburua ez dela “inondik inora” aipatutakoa, baizik eta “eskualdeko hizkuntzen sustapena” bultzatu nahi dutela, eta abenduan igorritako zirkularrak hori erakusten duela (murgiltze eredua baliozkotzat eman zuten).