Eusko Legebiltzarrean EAJren eta PSE-EEren botoekin izendatu dute Andoni Aldekoa EiTBko zuzendari nagusi. Kritika ugari izan du izendapenak, bai egin den moduagatik, bai zuzendari berriaren profilagatik. ETBko erredakzio kontseiluak, esaterako, halako kargu batean dagoenak euskara menperatu behar duela gogorarazi du.
Aurreikusirik zegoen bezala, Andoni Aldekoa EiTBko zuzendari nagusi izendatu dute osteguneko Eusko Legebiltzarreko saioan, EAJ eta PSE-EEren gehiengo osoarekin. Baina Iñigo Urkullu lehendakariaren aholkulari eta Iñaki Azkuna zendutako Bilboko alkatearen alboko izandakoak, Legebiltzarreko bozketan 34 ezezko ere jaso ditu: "EiTB eta parlamentuaren historian kontrako bozka gehien izan dituen zuzendaria izango da" azaldu du Josu Estarrona EH Bilduko parlamentariak.
Oposizioko alderdi politikoen kritika ez ezik, Aldekoaren izendapenak beste hainbat sektoreen gaitzespena ere jaso du, baita aginduko duen etxe barruan ere. Hala, ETBko erredakzio kontseiluak, telebista publikoko kazetariak ordezkatzen dituen organoak, ustez, "euskara ez menperatzea" egotzi dio Aldekoari, Berria egunkariak azaldu duenez: "Komunikabide publiko bateko zuzendari nagusiak egiaztatutako esperientziadun eta prestigiozko profesionala izan beharko luke, eta, era berean, hedabidearen ezagutza sakona izan", dio erredakzio kontseiluak.
.@eitb-ren degradazioan beste urratsa onartu da gaur: euskalduna ez den Andoni Aldekoa zuzendari nagusi izendatu dute. Irain berria euskaldunoi, eraso berria euskararen aurka. Aski da!
— Euskal Herrian Euskaraz (@EHEbizi) October 29, 2020
EITB osoki euskalduna exijitzen dugu!!!#HedabidePublikoakEuskaldunak#EuskaraErdigunera pic.twitter.com/dnSYDSC65b
Bere Twitter kontuan erreparatu duenik ere bada, euskarari ematen dion garrantzia neurtzeko, hala, azken urtean euskarazko txio bakar bat ere ez duela idatzi leporatu dio erabiltzaile honek:
@eitb ko zuzendari berriak @Aldekoa_Andoni jaunak, gutxienez 2019ko urriaren 23tik egun arte txio bakar bat ere ez euskaraz, 3 birtxiokatze bere aipamena gaztelania batuan izanik. Hau da berriz ere euskaldunok espero duguna? @eajpnv ?
— Txane (@txanesenar) October 29, 2020
EAJk, bere aldetik, Aldekoaren "profesionaltasuna abalatu" du eta bere lana "errespetatzea eta konfidantza izatea" eskatu du.