argia.eus
INPRIMATU
Euskalerria Irratiak lizentzien egoerari buruzko informazioa eskatu dio Nafarroako Gobernuari
  • Hamar hilabete igaro dira Espainiako Auzitegi Gorenak Net21 eta Radio Universidad de Navarra (RUN) irratien lizentzia esleipenak baliogabetu zituenetik. Euskalerria Irratiak “informazio eguneratua” eskatu dio Nafarroako Gobernuari, oraindik esleitzeke dauden Iruñerriko bi irrati lizentzia horien prozesuaren berri jakiteko.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 23a
Gorenaren sententzia jakin zenetik, irrati euskaldunak ez du Gobernuaren aldetik inongo berririk jaso. (Arg: Naiz)

Urtarril honetan utzi zituen bertan behera Auzitegi Gorenak Net21 eta RUN irratien lizentzia esleipenak, eta Euskalerria Irratiaren alde egin zuen.

1998tik darama Euskalerria Irratiak emisio baimena eskuratzeko borrokan, baina Nafarroako Gobernuak  beste emisora batzuei esleitu izan die baimen hori beti.

Sententzia jakin zenetik, ordea, irrati euskaldunak ez du Barcinaren Gobernuaren aldetik inolako berririk jaso.

“Atzerapenaren arrazoiak eta aurreikuspenak zeintzuk diren jakin nahi dugu”, adierazi du Mikel Bujandak, Euskalerria Irratiako zuzendariak. “Erabakiren bat hartu badute dagoeneko, zeren zain daude jakinarazteko?”.

Juan Luis Sanchez de Muniainek, Nafarroako Kultura kontseilariak, Gobernua sententzia betetzen ari dela esan du eta ez dabiltzala “nahita prozesua atzeratzen”.