Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragan da ekainaren 7an, 40 bat argitaletxe eta diskoetxe eta milaz gora bisitari elkarturik herriko plazan. Euskaraz bagara lelopean iragandako seigarren edizio horren balorapen baikorra egin dute Baltsan eta ARGIA antolatzaileek: euskara hutsezko plaza osatu dute eta beste behin, kopuru handian erantzun diote proposamenari, bisitariek eta sortzaileek.
Giro ederrean iragan da aurtengoan ere Ziburuko liburu eta disko azoka, eta bata zein besteari galdetuta argi gelditzen da hitzordu horren berezitasuna: jendearekin patxadaz solastatzeko posibilitatea ematen dizu. Argitaletxekoek eta sortzaileek estimatzen dute irakurlearekin edo entzulearekin trukatzeko aukera, eta zer erranik ez bisitariei dagokienez, 33 argitaletxe, 10 diskoetxe edo musika talde eta dozenaka sortzailerekin tarte bat hartzeko aukera izatea xantza bat delako. Denak ez dira gelditzen galdezka ala berriketan, bada mahaien itzulia isilean egiten duenik; argitaletxekoak edo sortzaileak ez dituzte parean arrantzan, baina nahi izanez gero, hor dauzkate mintzatzeko prest. "Hazten joan den azoka da, baina lehen urteko xarma mantendu du, goxotasuna, lasaitasuna, zaintza", dio Erein argitaletxeko Idoia Gonzalezek. 1.100 lagun bildu ditu aurtengo edizioak eta pozik agertu dira antolatzaile diren Baltsan elkartekoak eta ARGIAkoak.
Aurelia Arkotxa idazle, ikerle eta euskaltzain osoa omendu dute aurten, eta bere esaldi bat oroitarazirik borobil zuen Arkotxaren ekarpena Baltsaneko Maialen Tapiak: "Hizkuntza herri baten memoria bizia da, haren zaintza gizatasunaren zatia gordetzea da". Saria "biziki estimatzen" zuela erranik, euskalgintzari bideratu zituen bere eskerrak: "Baltsan eta ARGIA, euskalgintzaren eta nolabait Euskal Herriko populuaren sinbolo dira. Nire lanak aipatu dituzu, baina nik nahi ditut Baltsanek, zuek denek eta beste hainbestek isilean, xinaurri lanean egindakoak aipatu. Urtez urte eta urte osoan egiten den lan hori miresgarria da". Kezkaz ere begiratzen baitio euskararen egoerari: estatusik gabeko hizkuntza Iparraldean, "bertikalki funtzionatzen duen Hexagonoaren eta horizontalki funtzionatzen duen Euskal Herriaren" arteko talkak, kulturaren arloan euskararekiko zenbaitzuk duten mespretxua, "mundu paralelo batetatik etorriko balira bezala" gurean kokatzen diren estatus altuko kanpotarren interes-eza eta dekalajea... Hitz hartzea euskalgintza eskertuz hasi eta berdin-berdin bukatu zuen: "Nire gurasoek ez zuten sekulan imajinatuko euskararen galtzerik, beraz, gora euskara, gora Baltsan eta gora Euskal Herria".
Arkotxaren gogoetan luzatzeko parada izan zuten bertan ziren berrogei bat entzulek, Leire Vargas idazleak bideraturiko Zubiburu solasaldiari esker, ondoan zuelarik Rakel Pardo baztandar poeta gaztea. [Kronika irakurgai: Bidaide eta godaide, poesiaren ibilietan]. Ondotik lekukoa Madame Birrots taldekoek hartu zuten, eta horrela iragan zen eguna, batean liburu aurkezpen, bestean, zuzenezko kontzertu ttipi. Bertan eman zion itxiera 2023ko azaroan plazaraturiko Erretratu bat diskoaren itzuliari Esanezin taldeak: "Etapa itxiera oso polita izan da", Ianire Aranzabe abeslariarentzat.
Batetik bestera punpeka nenbilela –betiere, tarteka kafetxo bat edo zurito bat hartzeko pausa laburrak eginez azoka hegiko Bittor taberna estimatuan, bertatik ere jasotzen direlako kronika osatzeko detaileak–, Maurizia. Biziminaren hotsa komikiaren egileekin ukandako solasa gelditu zitzaidan iltzaturik gogoan: Garluk marrazkilariari ez zaio bizigarria Euskal Herrian lan egitea, euskal komikigintzak ez dio bizitzeko heina diru ekartzen eta Frantziako Estatuan dabil lanean. "Nire lanaren %80 Frantziako argitaletxeetan dut. Beraiek nahi dituzten istorioak kontatzen ditut, ez nik kontatu nahiko nituzkeenak". Bere gisa beste hainbat komikigile dabiltza horrela, Garluk ez da kasu isolatu bat. "Are gehiago, –gehitzen du ondoan duen Garbiñe Ubedak, Maurizia. Biziminaren hotsa-ren idazleak–, Frantzian izena duten marrazkilari euskaldunak badira, guk hemen ezagutzen ez ditugunak". Migrazio ekonomikoa edo exodoa deitzen zaio horri. Dohain hori lekuan berean sustatzeko nahikeriarik ez al dute erakunde publikoek? Eta oharkabean berriz hor dugu euskal kulturgileen prekaritatearen gaia. Lanarteako Amagoia Gurrutxagak ongi laburbildu zuen egoera, Ziburuko Azokaren aitzineko egunetan Euskal Irratiek eta ARGIAk elkarlanean osaturiko mahai-inguruan: "Kapital kultural baten galeraz ari gara, eta baditugu sortzaile oso onak". Larriena, Gurrutxaga ez zela soilik komikigintzaz ari, euskal sorkuntzaren eremu osoaz ari zen.
Xabiroi dabil, nagusiki, Euskal Herriko komikigintza sostengatzen, zabaltzen, sustatzen... baina, Alberdaniako Oier Etxebesterekin ukandako solasalditik ateratakoari jarraikiz, "herri ekimenei ezin zaie dena utzi, instituzioen partetik dirulaguntzak beharrezkoak dira". Hogei urte beteko ditu aurten Xabiroi aldizkariak, eta ospatuko dute irailaren 29an, hain justu, 1979ko irailaren 29an argitaratu zelako Zakilixut pertsonaiaren lehen zinta.
Hitzorduaren berri eman zuten goiz hondarrean, eta ondotik lekua hartu zuen Euskal Herrian Euskaraz-ek, zazpi jauziak dantzatuz –baita kantatuz ere!–. Erakunde sozial, kultural, ekonomiko eta politikoek euskararen alde jauziak egin ditzatela eskatzeko hitzak landurik dituzte eta gerora, plazaz plaza, protestaz protesta dantzatzea eta kantatzea dute xede.
Euskararen erabilpenaz edo hobeki erran, idazterakoan egiten diren akats ohikoez kezkaturik ondutako liburua da Iparrorratza : kalko eta huts ohikoenen saihesteko bidea, Céline Mounolek idatzitakoa eta azokan aurkezturikoa. Huts horien zuzenketak eta azalpenak emateko gogoari tiraka idatzitakoa du. "Paradoxa bat bada: geroz eta gutiago erabiltzen dugu euskara, baina geroz eta gehiago idazten da. (...) Haatik, ez dugu denborarik ukan gogoetatzeko kalitateari buruz. Egoera diglosikoa hor da eta kalitatea jokoan da. Erreferente genituen aitatxi eta amatxiak joaten ari zaizkigu". Galdera luzatu zion entzuleriari: "Euskaraz idatzi behar da, ados. Baina, kostarik kosta? Frantsesez onartuko ez genuena ez dezagun onartu euskararentzat. Guk dugu maila ezarri behar, eta asmo horrekin idatzi dut liburua. Euskarak galtzen baditu bere oinarrian dituen gailuak, nagusi den hizkuntzara [frantsesera] joko dugu".
“Herri ekimenei ezin zaie dena utzi, instituzioen partetik dirulaguntzak beharrezkoak dira”
Oier Etxebeste
Liburu eta disko aurkezpenez gain, bestelako sorkuntzei ere lekua bideratzen diete antolatzaileek, dela umorezko bakarrizketa, haurrentzako ikusgarria, rol jokoak, bertsoa zein marrazkia. Maialen Berra lapurtarra aritu zen bakarrizketan, berriki stand-up mundura eta Altxalili kabaret queerrera sartutakoa. Tsundoku sindromea ukan zuen oinarri, hau da, liburuak erostearen eta metatzearen, baina sekula ez irakurtzearen joera. Umoretik aritu zen, baina betiere, gai serioak plazaratzeko. Bukaeran, doinu serioan eta irritxoa aurpegian zabalduriko mezua dugu adibide: "Liburua bakarrik irakurtzen dugun arren, bortxaz norbaiti lotzen dugu. Edo gaur bezalako besta eder bati. Beraz nire lehen galderari erantzuteko, zergatik heldu giren azokara, nire ustez horregatik heldu gira. Liburuak lotzen gaituelako. Eta ezin du zoom edo bisio batek hori ekarri. Ordezka ezina den gauza bat da. Segi dezagun azokara joaten, liburuak erosten, ahal bada irakurtzen, oroitzapenak sortzen eta gure arteko loturak indartzen. Horrek egiten gaituelako gizarte, liburuak gizakien artean ezarriz, biziak aldatuz". Kronika ixteko laburpen egokia iduritu zait. Beraz, horretan bego.