Kataluniako Diadara joateko autobusak antolatzen ari da Independentistak sarea. Bat Bilbotik aterako da eta Gasteiztik pasako da Bartzelonara bidean, eta bestea Donostiatik irten eta Iruñea lotuko du.
Independentistak Sareak jakinarazi duenez, Bilbotik eta Donostiatik irailaren 10eko gauerdian irtengo lirateke autobusak eta Gasteizen eta Iruñean irailaren 11ko goizaldeko 01:00etan hartuko dute jendea.
Bartzelonara iritsi aurretik bi autobusak elkartu eta gosaltzea da asmoa, saretik adierazi dutenez.
Diada 17:14 minutuan izango da eta itzulera irailaren 11ko arratsaldeko 20:00tan egingo dute.
Txartelak 50 eta 55 euroan
Autobusen txartelen prezioa: 50-55 euro artekoa da. "Ea autobusak betetzen ditugun prezio merkea ateratzeko", azaldu du Independentistak Sareko kide batek.
Izen emateko, beren telefonoa eta emaila jarri dituzte: 943 561 853 / info@independentistak.net.
Mobilizazio jendetsua
Bartzelonan mobilizazio jendetsua espero dute, azaroaren 9aren aurretik indar erakustaldia egitea baita helburua.
V formako mosaiko erraldoi bat osatuz independentzia aldarrikatuko duten pertsonen kopurua egunetik egunera hazten ari da, 20.000 izen-emate berri eguneko batez beste.