argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko elkargo bakarraren alde agertu dira hainbat auzapez ohi
  • 66 auzapez ohik babesa eman diote Euskal Herriko elkargo bakarraren proiektuari. Lurralde elkargoaren alde eginiko lanaren ostean, orain beste urrats bat emateko borondatea erakutsi dute.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 16a
66 auzapez ohi agertu dira elkargo bakarraren alde.

“Lehenik eta behin departamentuaren alde lan egin genuen, ondoren lurralde elkargoaren alde, eta orain elkargo bakarraren alde mobilizatu gara”, azaldu du Bastidako auzapez ohi Léopold Darritchonek.

Jean-Baptiste Sallaberry Hendaiako auzapez ohiaren aburuz, “galdu ezineko abagunea” dute esku artean, elkargo bakarrak aukera emango bailuke euskara “behar bezala” defendatu eta hauspotzeko.

Ildo beretik mintzatu da Senpereko auzapez ohi Christine Bessonart: “Horrelako aukerarik ez dugu berriz ere izango”. Auzapez izandako beste batzuek adierazi dutenez, estatus politiko berria erdiesteak Euskal Herriari elkartasunean oinarrituriko “lurraldeen arteko armonia” lekarkioke.

Elkargo bakarrari babesa emateko ekitaldian mozio bat sinatu dute, esateko Euskal Herriko udalerri guztiak batuko lituzkeen egitura juridiko bat lortzea “amets baten gauzapena” litzatekeela. 66 auzapez dira mozioa sinatu dutenak, eta kopuruak gora egiten jarrai dezake, zerrenda oraindik irekita baitago.

Herriko etxeen iritzia, momentuz elkargo bakarraren aldekoa

Irail bukaeran Pierre Andre Durand prefetak herriko etxeei elkargo bakarraz duten iritzia emateko galdegin zien.

Orain arte herrien herenak erantzun dio Duranden itaunari, eta momentuz gehiengoak baiezkoaren aldeko iritzia eman du.

Erantzuten lehenak herri txikiak izan ziren, baina handiagoak ere hasi dira pixkanaka prefetaren galderari ihardesten. Baionan, adibidez, duela bi aste egin zuten bozketa, eta elkargo bakarraren aldeko iritziak irabazi zuen, 43 hautetsietatik 29ren babesarekin.

Kontrako jarrera azaldu duenik ere bada: Angelun zalantzak agertu dituzte elkargo bakarrari buruz.