argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herrian errotuta dagoen Heidelberg Materials ere NBEren zerrenda beltzean, Israelgo proiektu kolonialean parte hartzeagatik
  • NBEk irailaren 26ean argitara eman zuen zerrendan agertu da, Zisjordania okupatuan negozioak garatzeagatik. Heidelberg Materialsek filialak ditu Añorga, Arrigorriaga, Erandio, Gernika, Langraiz Oka, Mañaria eta Zaramillon. Haren buruaren defentsan, multinazional alemaniarrak argudiatu du 2023tik ez duela jarduerarik Zisjordania okupatuan.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 24a
Heidelberg Materialsek Arrigorriagan duen planta

Eraikuntzako materialen fabrikazioaz arduratzen da Heidelberg Materials eta Euskal Herrian baditu hainbat planta: Añorga –Cementos Rezola ohia–, Arrigorriaga, Erandio, Gernika, Langraiz Oka, Mañaria eta Zaramillon. Hain zuzen, Arrigorriagako planta honetan langile bat hil zen asteazken arratsaldean, lanean ari zen tornuan harrapatuta geratu zelako.

Irailaren 26an argitaratutako txostenean, NBEk zerrenda beltzean sartu du Heidelberg Materials, Hanson Israel bere enpresa subsidiarioaren –zerrendan dago hori ere bai– jarduerarekin lotuta. Azken horrek Zisjordania okupatuan Nahal Raba harrobia kudeatzen du eta bertan "baliabide naturalak, bereziki ura eta lurra, enpresa-helburuetarako” erabiltzeagatik sartu dute zerrenda beltzean. 2020an ere salaketak jaso zituen multinazionalak. Somo eta Al-Hag GKEek txosten bat aurkeztu zuten NBEren aurrean, Nahal Raba harrobiak okupatutako lurraldean egindako “operazioak” eta Zisjordanian legez kanpoko koloniak hedatzeko “materialen hornidura” salatzeko.

Hala ere, enpresak adierazi du “ez dagoela arrazoirik” zerrendan egoteko, 2023tik Zisjordania okupatuan jarduerarik ez duela argudiatuta. Multinazionalaren arabera, bere filial Hanson Israelek Nahal Rabako harrobian (eta harekin lotutako lantegietan) 2023an amaitu zituen bere operazio guztiak eta “meatze-gunea itxita dago”.

Zerrenda beltza Nazio Batuen Giza Eskubideen aldeko Goi Komisarioaren Bulegoak egin zuen. Bertan, 158 enpresa seinalatzen dira, horien artean Beasaingo CAF, 2019ko abuztutik 2025eko apirilera bitarteko aldian izandako jarduerak kontuan hartuta. Enpresen datu-base hau NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren aginduz sortu zen, baina ez du legezko gaitasunik, ezta ondorio loteslerik ere. Nazioarteko zuzenbidearen arabera legez kontrakotzat jotzen diren kolonietan jarduera ekonomikoak dituzten enpresak "izendatzea eta erakustea" du helburu.