Burujabetzaren Aldeko Mugimenduak topaketak antolatu ditu larunbatean, Tafallan (Nafarroa). Egun osoko egitarau zabala antolatu dute, eta mugimendu horretako kide den José Javier Oses "Jotas"-ekin hitz egin du ARGIAk. Osesek azpimarratu du elkarteak Euskal Herri osoko Herri Mugimenduen arteko harremanak saretzea eta indartzea duela helburu, eta horretarako tresna gisa balioko dutela topaketek.
ARGIAko kazetari Lander Arbelaitzek martxoan elkarrizketatu zituen sortu berri zuten BAM Burujabetzaren Aldeko Mugimenduko kide Itziar eta Ekaitz. Hain zuzen, elkarrizketa horretan Ekaitzek zera azpimarratu zuen: "Maiatzaren 24an Tafallan (Nafarroa) egingo ditugun topaketak mugimenduaren lehen mugarria izango dira, jendea hurbiltzeko eta ezagutzeko nora goazen". Bada, larunbata ate joka dago dagoeneko, eta horren inguruan hitz egiteko BAM-eko kide den José Javier Oses "Jotas"-ekin jarri da harremanetan ARGIA.
Ekaitzek eta Itziarrek martxoan aipatu zuten bezala, Osesek azpimarratu du BAM Euskal Herri osoko arlo guztietako Herri Mugimenduetako kidek osatzen duten elkartea dela, eta hura osatzen duten mugimendu guztien arteko harremanak saretzea eta indartzea duela helburu: "Konturatu gara hamaika proiektu jartzen direla martxan leku eta bazter guztietan, baina elkarren arteko ezjakintasuna eta ezagutza falta nagusitzen dela". Izan ere, BAM-eko kideak Euskal Herriko arlo ezberdinetako elkarteen arteko "talde sentimendu" hori faltan somatzen du.
Hain zuzen, horri erantzungo diote larunbateko topaketek, Osesen esanetan, mota guztietako mugimenduetako partaideek elkar ezagutzeko tresna gisa. Mugimenduak jarriko duen "lehen hazia" izango dira larunbateko topaketak, Osesen arabera, eta Euskal Herrian "berezko askapen prozesu bat" martxan dagoela konturatzeko balioko du, Herri Mugimenduan oinarrituta:
"Gure helburua lur emankor batean lehen hazia jartzea izango da, eta hortik abiatuta Herri Mugimendutik askapen prozesuarekin jarraitzea".
Egitarau "oparoa", gai ugari jorratuz
Horretarako, egun osoko egitarau "oparoa" osatzea lortu dutela nabarmendu du Osesek. Guztira, Tafallako lau tokitan eskainiko dituzte mota guztietako ekintzak egun osoan zehar: Kulturgunean, Plazan, Azoka plazan eta Pasealekuan.10:30ean ekingo diote egunari, txupinazioarekin eta mota guztietako produktuen azokaren irekierakin. Pasealekuan Herri Mugimenduarekin loturiko gai ugari jorratuko dituzte goizean zehar: herri boterea, elikadura, telekomunikazioak eta teknologia, feminismoa eta zaintza komunitarioa (zerrenda osoa beheko argazkian).
Azoka plazan, berriz, 14:30ean bazkari herrikoia egiteaz gain, 17:00etan "desobedientziaren eraginkortasunaz" mintzatuko dira hainbat kolektibo: CDR Kataluniatik, Marinaleta eta SAT Andaluziatik eta Le Collectif contre l'A69 Tolousetik (Okzitania). Ordu berean, Argentinako, Filipinetako, Kubako, Andaluziako eta Venezuelako hainbat kideren laguntzarekin, besteak beste, burujabetza, herri boterea eta demokrazia komuna landuko dituzte Kulturgunean. Plazan, azkenik, azokaz gain umeentzako aisialdi hezitzailea izango dute goizean zehar, eta 14:00etan "manikalejira" abiatuko da bertatik.