Unibertsitateetako hainbat ezagutza-arlo murriztu edo desagerrarazteko asmoa zuen Espainiako Gobernuak, tartean Euskal Filologia: beste ezagutza-arlo zabalago batzuen menpe geratuko zen. EH Bilduk, baina, ziurtatu du Unibertsitate Ministerioak konponbidea agindu diola auziari: “Euskal Filologia eremu orokorrago baten parte izango da eta, ondoren, ezagutza arloen barruan, ezagutza arlo zehatz gisa txertatuko dute, ikasketei, fakultateei eta lanpostuei eragin gabe”.
Uneotan, 190 ezagutza edo jakintza-arlo dituzte unibertsitateek, baina murriztu egin nahi ditu Espainiako Gobernuaren errege-dekretu proposamenak, tartean Euskal Filologia, Filologia Katalana eta Galiziar Filologia. Irakasleen profilari eta prestakuntzari eragingo lioke erabakiak, etorkizunean euskal filologian espezializatutako irakasleak izateari traba jartzen baitio, artikulu honetan xeheago azaldu genuenez.
Gaiak hautsak harrotu ditu, eta alegazioak aurkeztu dituzte Kataluniako Gobernuak eta EHUko Euskal Ikasketak Sailak, Euskaltzaindiarekin batera.
Astearte honetan, baina, Euskal Filologiak ezagutza arlo izaten jarraituko duela iragarri du EH Bilduk, Unibertsitate Ministerioak hala helarazi baitio Bel Pozueta diputatuari: “Azken egunotako hartu-emanean ostean, ministerioak Pozueta diputatuari bermatu dio konponbidea emango diola sortutako arazoari, eskuartean duen dekretu berriak ez dezan eragin negatiborik izan unibertsitateko ezagutza arloetan, ezta Euskal Filologian, Katalan Filologian eta Galiziar Filologian ere, hiruak egoera berean baitaude”.