Europako Parlamentuak gehiengo osoz onartu du Turkia Europar Batasunean sartzeko prozesua geldiaraztea. Erabakia loteslea ez den arren, Turkiako gobernuak azken hilabeteetan harturiko neurri errepresiboak izendatu ditu parlamentuak arrazoi gisa.
Erabakia aldeko 479 botorekin onartu da, aurkako 37 izan ditu eta 107 abstentzio. Testuak Turkia Europaren lagun garrantzitsua dela dio, baina bien arteko kooperazio politikoa beharrezkoa dela akordio batera iristeko. Diputatuen ustez, Turkiaren azken hilabeteetako jarrera Europaren bidetik urrundu da.
Recep Tayyip Erdogan presidentearen gobernuak politikariak kartzelaratu, kazetariak atxilotu eta funtzionarioak kaleratu izana aipatzen ditu ebazpenak besteak beste. 36.000 turkiar inguru terrorismo delituez akusatuak izan dira uztaileko ustezko estatu kolpearen ondoren. Beste hainbat, ustez PKK Kurdistango Langileen Alderdia babesteagatik atxilotuak izan dira. Eurodiputatuen esanetan erabaki hauek Turkiako Konstituzioa urratzen dute.
Hala ere, Europar Batasunak Turkiarekin 2005etik martxan duen negoziazioa geldi dezakeen erakunde bakarra Europar Kontseilua da. Kontseilu hau EBeko 28 estatu kideetako estatuburu buru edo gobernuburuek osatzen dute. Batasuneko Kanpo Politika arduradun Federica Mogherinik negoziaketak geldiaraztea “denak galtzen aterako liratekeen jokaldia” da.
Turkiaren erantzuna
Europako Parlamentuaren erabakiaren ostean Turkiako presidenteak Turkiako mugak Europara iritsi nahi duen errefuxiatu orori irekitzearekin mehatxatu du: “Urrutirago bazoazte, mugak irekiko ditugu”. Erdoganek indartsu ikusten du bere burua Batasunarekin negoziatzeko, duela urtebete errefuxiatuen inguruan eginiko akordioa dela eta. Akordioan Turkiak Europara “ilegalki” iristen diren pertsona guztiak hartzea onartu zuen zenbait onuraren truke: dirua, Schengen bisen liberalizazioa eta EBera sartzeko prozesuaren azelerazioa.