argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetzeen gaineko informazioa helarazi beharko diote autonomia erkidegoek Espainiako Gobernuari
  • Alarma-egoerak iraun artean etxekaleratzeak indargabetzen dituen lege dekretua onartu berri du Espainiako Gobernuak, eta ondorioz, tarte horretan autonomia erkidegoek indargabetutako etxegabetzeen gaineko informazioa helarazi beharko diote.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 24a
Etxe kaleratze bat gelditzeko protesta Bilbon, irailean (Argazkia: Ecuador Etxea)

Asteazkenean, alarma-egoerak iraun bitartean –maiatzaren 9ra arte– etxegabetzeak indargabetzen dituen lege dekretua jarri zuen indarrean Espainiako Gobernuak. Lege dekretuak zehazten duenez, tarte horretan Espainiako Estatuko autonomia erkidegoek hilabetero txostena helarazi beharko diote Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen Ministerioari, eta txosten horien bidez eman beharko dute indargabetutako etxegabetzeen berri.

Txostenen helburua da indarge geratutako etxegabetze horien aurrean administrazioek hartutako neurri sozialen berri jakinaraztea; “zaurgarritasun egoeran daudenak artatzeko gizarte zerbitzuek proposatutako neurriak ezagutzea eta ebaluatzea” alegia. Kasuan kasu, epaitegiek berorren gaineko informazioa behin bidalita, gizarte zerbitzuek hamar egun izango dituzte maizterren eta alokatzaileen egoera aztertzeko, eta hartu beharreko neurriak xedatzeko. Kasu horien gaineko informazioa helarazi beharko diote autonomiek Espainiako Gobernuari.

Lege dekretua, hanka motz

Lege dekretua onartu ondotik Kataluniako Sindicat de LLogateresek azpimarratu zuenez, etxebizitzaren aldeko mugimenduak hilabeteetan egindako borrokaren emaitza da lorpena. Alabaina, Kaleratzeak STOP Donostiak salatu duenez, legea “ez da nahikoa”, hainbat arrazoirengatik: ez duelako argi definitzen nortzuk diren zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak, ez duelako neurririk aurreikusten ordaintzeko gaitasun ezaren aurrean abiatu ohi den prozedura judiziala saihesteko, eta aldi baterako delako.

Hori guztia alde batera, ondokoa ere salatu dute: “Errentariei beren egoerari buruzko mila froga eskatzen zaizkien bitartean, jabe handiei ez zaie ezer eskatzen beren errenta espekulatiboak diru publikoarekin bermatzen dituzten konpentsazioak eskatzeko”. Horren arrazoia jabe handien elkarteek gobernuari presioa egin izana dela eman dute ulertzera.

“Dekretua aurrerapausoa da, baina borrokan jarraitu behar da etxebizitza eskubide bermatua izan arte, eta ez negozioa”, adierazi dute.