argia.eus
INPRIMATU
Etxegabetzeek gora egin duten Espainiako Estatuko leku bakarra da EAE
  • Urteko lehen hiruhilekoan 306 familia etxegabetu dituzte EAEn, hipoteka ordaintzeko arazoengatik; eta beste 196 bota dituzte alokairuzko etxebizitzetatik. Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politikek eragindako egoera dela salatu dute Bizkaiko hainbat kolektibok.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko uztailaren 04a
Lanbideren egoitza aurrean egin dute elkarretaratzea Bizkaiko kolektiboek (Arg: Berri Otxoak).

Espainiako Estatuan etxe kaleratzeek gora egin duten lurralde bakarra EAE dela azpimarratu dute –iazko lehen hiruhilekoarekiko %14,8 igo dira kaleratzeak– eta Eusko Jaurlaritzaren politikari leporatu diote: "Prestazio sozialak jaso ahal izateko Jaurlaritza aplikatzen ari den murrizketa politika bazterkeria areagotzen ari da gure herri eta auzoetan; familien herena baino gehiago pobrezia egoera larrian dago".

2015ean, esaterako, %15 igo zen bazterkeria egoeran dauden herritarren kopurua EAEn. Prestazio sozialetan murrizketarik ez egiteko eskatu dute kolektiboek.

EAEn, egunero bost familia inguru etxetik kaleratzen dituztela salatu dute. Nafarroan, egunero 1,53 etxegabetze egiten direla jakinarazi du berriki PAHk.

Euskal Etxebizitza Legeari ezezkoa

Eusko Jaurlaritza garatzen ari den Euskal Etxebizitza Legearen zirriborro dekretua arbuiatzeko elkarretaratzea egin dute Bizkaiko hainbat kolektibok, eta testuinguru horretan eman dituzte datuak.

Alegazioak ere aurkeztu dizkiote dekretuari, eta Legeak "prestazioetan ekarriko dituen murrizketek 37.000 familia baino gehiago babesgabe" utziko dituela kritikatu dute. Etxebizitza Legearen aurka eta etxebizitza duinaren alde 30 orduko baraualdia egin zuten ekainean.

Salaketa egin duten mugimendu bizkaitarren artean daude, besteak beste, Berri-Otxoak, Brujas y Diversas, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Argilan, Argitan, Elkartzen, SOS Arrazakeria, Kaleratzeak Stop eta Munduko Emakumeak.