50 urteko gizon etxegabe baten gorpua aurkitu dute asteartean Hendaiako Kaneta portuan. Gizonaren heriotzaren nondik norakoak ikertzen ari dira. Euskal Herrian hil den etxerik gabeko bigarren pertsona da aurten.
5o urteko gizon etxegabe baten gorpua aurkitu dute asteartean Hendaiako Kaneta portuan (Lapurdi). Suhiltzaileek antzeman dute hilotz, eta Frantziako Poliziaren Donibane Lohizuneko komisarian ikertuko dituzte gizonaren heriotzaren nondik norakoak. Urtea hasi denetik, Euskal Herrian hil den bigarren pertsona etxegabea da. Lehenengoa Bilbon hil zen, urtarrila bukaeran.
Atherbea elkarteko Françoise Theuxek gizonezkoa ezagutzen zuela jakinarazi du Berria egunkariak, erakunde horrek Baionan dituen zerbitzuen ohiko erabiltzailea baitzen. Theuxek azaldu dio Berriari gizona ez dela soilik hotzez hil eta elkartearen laguntza hartzeko ohitura zuela.
Jeremie Martin Hendaiako auzapezaren bulegoko buruak Naiz atariari nabarmendu dionez, «askotan zailtasunak atzemanen dituzte gizarte zerbitzuek karrikan bizi diren pertsona batzuk ez dutelako aterpera joan nahi, eta horrelako kasu baten aurrean ginateke».
Kazetaren arabera, urtarrilean Baionako Herriko Etxeak karrikan bizi diren herritarrak aterpe batera eramatea xede duen Hotz Handiko plana piztu zuen. Bere aldetik, premiazko harrera bermatzeko, Hendaiako Herriko Etxeak hamar bat plaza duen aterpea kudeatzen du Intzura (Joncaux) auzoan, Atherbea elkartea, Gurutze Gorria eta herriko beste hainbat elkartetako boluntarioekin batera.
Bestalde, Hendaiako CCAS Gizarte Ekintzarako Herri Erakundeak azaldu du lo egiteko hamabi toki ireki dituztela abenduaren 1etik martxoaren 31ra arteko tarterako. Etxegabeek 115 telefono zenbakira deitu behar dute toki horietako batean lo egin nahi badute.
Heriotzaren harira, Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak kapitalismoak proletargoa "egiturazko pobreziara kondenatzen" duela adierazi du, eta ezinbestekotzat jo du "etxebizitza unibertsala bermatuko duen gizarte sozialista eraikitzea".