argia.eus
INPRIMATU
"Etorkizun bizigarria" lor dezakegula diote klima larrialdian adituek, baina neurri zorrotzagoak eta berehalakoak hartuz gero
  • Klima larrialdiak dagoeneko saihestu ezin daitezkeen ondorioak ekarriko dituen arren, berehala neurri eraginkorragoak hartuz gero bada esperantzarik, planeta 1,5 gradu zentigradu baino gehiago ez berotzeko eta “denontzako etorkizun bizigarria ziurtatzeko”. Hala dio IPCCko zientzialarien azken txostenak.

ARGIA @argia 2023ko martxoaren 21a
Helburuak lortzeko aukera gero eta txikiagoa dela eta neurriak lehenbailehen martxan jarri behar direla ohartarazi dute.

Nazio Batuen Erakundeko IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak klima aldaketari lotutako azken txostena aurkeztu du, seigarrena, 2021-2022 urteetan ikerlariek egindako aurkikuntzetan oinarrituta. Larritasuna begi-bistakoa da: orain arte bezala jarraituta, Lurra 3,2 gradu zentigradu berotuko da mende amaierarako, eta estatuek hartu dituzten konpromisoak beteta berriz, 2,2 gradu. Edozein kasutan, ondorio oso kaltegarriak izango lituzke planeta hainbeste berotzeak.

Aldiz, berehala neurri zorrotzagoak eta ausartagoak hartuta, zientzialariek uste dute posible dela mende amaierarako planeta 1,4 gradu berotzea eta hortaz, 2015eko Parisko Hitzarmenean  jarritako muga (1,5 gradu) mantentzea. Hori bai, helburua lortzeko aukera gero eta txikiagoa dela eta neurriak lehenbailehen martxan jarri behar direla ohartarazi dute. Planetaren berotze efektua mugatzeko, berotegi gasen isuria erdira murriztu beharko litzateke hamarkada honetan eta %84 murriztu beharko litzateke mende erdirako, IPCCren aurreko txostenean azaldu zutenez.

Zein neurri hartu?

Helburuak lortu ahal izateko, energia garbietan, berriztagarrietan, jarri du fokua zientzialari taldeak: “Hartutako hainbat politika eta neurrik erakutsi dute gai direla CO2 isuriak modu esanguratsuan murrizteko, eta eremu zabalagoetan aplikatu daitezkeela. Konpromiso politikoa da falta dena”. Bioerregai jasangarriak eta hidrogenotik eratorritako erregaiak erabiltzea ere jarri dute mahai gainean, eta auto elektrikoa alternatiba izan daitekeela adierazi dute.

Ekoizpenean bakarrik ez, txanponaren beste aldean ere jarri du arreta taldeak: gaur egungo kontsumo maila mantenduz gero, ezinezkoa izango da Lurra 1,5 gradu baino gehiago ez berotzea. Alegia, energia kontsumoa murriztea ere gako izango dela, klima larrialdiaren kalteak mugatu nahi baditugu.

Aurten, Arabiar Emirerri Batuetan egingo dute Klimaren Gailurra, eta azterketa pasa beharko dute estatuek, Parisen hitzartutakoa betetzen ari al diren erakusteko.