Lau urteren ostean utziko du euskal telebistako kargua, "beste etapa profesional bati ekiteko". Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazioa zuzendariak hartuko du lekukoa.
Asteartean Bilbon EITBren Administrazio Kontseiluko bilera egin ostean jakinarazi zuen Unai Iparragirrek kargua utziko zuela, Berriak zabaldu duenez. Euskal telebistako zuzendari ohiak adierazi du “beste proiektu profesional batera” joango dela, EITBtik kanpo. Abenduaren 15ean pasako dio zuzendari kargua Isabel Octaviori, orain arte EITBko Estrategia eta Komunikazio arduraduna izan denari. Bi postuak izango ditu bere gain aurrerantzean.
Iparragirrek euskal telebistako kateetako edukien ardura izateaz gain, Primeran eta Makusi plataformen sorrera ekarri du zuzendaritzan zegoela. EITBko Administrazio Kontseiluak eskerrak eman dizkio Iparragirreri eta gaineratu du horrelako aldaketek erakusten dutela EITB “proiektu bizia eta interesgarria” dela.
ARGIAk duela bi urte elkarrizketatu zuen, Primeran plataformaren sorreraren harira, eta bertan adierazi zuen “euskara ulertzen ez dutenak ere ETBren unibertsora” ekartzea helburu zuela, besteak beste.