Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak Euskal Herrira etorriko dira datorren astean, desarmea abiatzeko ETAk hartutako konpromisoari buruzko azalpenak ematera.
2012an, ETAren ekintza armatuaren behin betiko etetea gainbegiratu zuen batzorde horrek. Lan taldeak Ram Manikkalingam du buru, Dialogue Advisory Group-eko zuzendari eta Amsterdamgo Unibertsitateko irakaslea. "ETArekin harremanetan izan dira eta, antza, ziur dira ETAk bere egitura armatuak desegiteko borondatea duela", idatzi du El Paíseko kazetari Luis R. Aizpeoleak.
Egiaztatze Batzordearen bisita ETAk aurreikusia duen eszenaratzearen aurretiko pausoa dela dio kazetariak. Bere hitzetan, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak ez bezala, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak Jaurlaritzaren eta euskal alderdi politikoen errespetua irabazi du, baita Rajoyren gobernuarena ere, "terrorismoaren aurkako jarrera beligeranteagatik". Aizpeoleak dioen bezala, PPrentzat ezker abertzalearen abokatua da Currin.
ETAren "eszenaratze esanguratsuaren" zain
ETAren desarmea "aurki hasiko da" eta haren lehen eszenaratzea "esanguratsua" izango da, "abiatuko den prozesu gradualari sinesgarritasuna emateko", idatzi zuen astelehenean Aizpeoleak, iturri abertzaleak aipatuta.
Pixkana-pixkana gauzatuko den prozesua nazioarteko talde batek ikuskatuko du, ETAri kostatzen ari zaion arren desarmearen nazioarteko egiaztatzea eta balioztatze baldintzak prestatzea, Aizpeoleak dioenez, ETAko gaur egungo buruak "beldur" direlako Espainiako Estatuko segurtasun indarrek atxilotuko ote ez dituzten, setiatuta dauzkatela kontuan hartuta.
"ETA bidea urratzen ari da, desarmea hasi ahal izateko", idatzi du kazetariak: "Iturri abertzaleek diote hori dela pasa den larunbatean argitaratutako agiriaren esangura".
Desarmearen hasiera "nabarmen" atzeratzen ari zen ETA, Aizpeolearen hitzetan. "Azkenean, 2013 amaieran burutzea aurreikusia zegoen, baina atzeratzea erabaki zuten berriz ere, zaila delako prozesua aurrera eramatea Rajoyren gobernuaren konplizitaterik gabe. Trukean, presoen kolektiboak espetxe-legalitatea onartuko zuela iragarri zuen abenduaren 28an".
"Zaila da zulo, arma eta etxebizitzak entregatzea Gobernua alde batera utzita", azaldu diote kazetariari aipatu iturriek.
Urkullu-Rajoy bilera
Hilaren 4an Moncloan bildu ziren Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. Aizpeoleak nabarmendu duenez, Urkulluk "zuhurtziaz" jokatu eta Rajoyri esan zion ETAren desarmearen gakoa haren irmotasunean dagoela. "Era berean, desarmea egiaztatzera Segurtasun Indarrak bidaliko ez baditu ere, Urkulluk eskatu zion gutxienez ez dezala prozesua gutxietsi, behin betiko amaieraranzko urrats bezala", idatzi du Aizpeoleak. "Bestetik, lehendakariak Rajoyri esan zion preso askok espetxe-legalitateari –'Langraitz Bideari'– helduko diotela aurki, eta urrats garrantzitsua dela hori".