argia.eus
INPRIMATU
Estatuaren beste sei biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak
  • Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor elkarteak ostegunean jakinarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak “giza eskubideen urraketaren biktima” modura aitortu ditu sei herritar, 16/2019 Foru Legearen babesean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko irailaren 11
Tortura ikertzeko eskatzen manifestazio bat Iruñean. Ekinklik

Estatuaren biktimen aitortzen inguruan eratu zen "Egiaren garaia da. Oroimen inklusiboa Nafarroarentzat" ekimena eta bertatik prentsa oharrez adierazi dutenez, aitortza horiek “Nafarroan bizikidetza esparru bat eraikitzeko bidean aurrerapausoak dira”. Estatuaren biktimen 16/2019 Foru Legearen baitan ari den Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak aztertzen ditu herritarrek egindako eskaerak.

Hala, Egiaren garaia da ekimenaren ustez, “aitortza hauek berriro erakusten dute botere publikoek Nafarroako indarkeria politikoaren errealitateari erantzukizunez heldu behar diotela”, eta hariari tiraka, Nafarroako Gobernuak zeregin horretan “aurrera egin behar duela”.

Honakoak dira aitortutako biktimak: Jose Luis Cerezo Conde, Espainiako Poliziak bi aldiz torturatu zuen, 1970ean eta 1973an. Joxe Lacalle Huarte, 1978an Guerrilleros de Cristo Rey eskuin muturreko talde parapolizialak bere tabernan egindako eraso baten biktima izan zen; 1979an, halaber, lehergailu bat jarri zioten bere tabernan eta 1981ean Guardia Zibilak torturatu egin zuen. Txaro Etxetxipia Senosiain, Espainiako Poliziak torturatu zuen 1983an. Odon Ulibarrena Iroz, Espainiako Poliziak birritan torturatu zuen, 1984 eta 1985ean. Eta Javier Casado Gurucharri, Espainiako Poliziaren erasoa jasan zuen 1990ean.

Egiari Zor eta Torturatuen sarearen arabera, dagoeneko 84 pertsonari onartu zaie biktima izaera foru lege honen esparruan. Horietako sei hil egin zituzten, beste 56 pertsona torturatu eta, besteak beste, hemeretziri lesio fisiko edota psikologikoak eragin zizkieten.

Elkarteok estatuaren biolentzia jasan zuten pertsonak animatu dituzte aitortza eskaerak egitera eta prest azaldu dira zeregin horietan laguntzeko. Hala egin nahi dutenei, elkarteokin kontaktatzeko hiru bide jarri dizkiete: info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com e-mailak edo 948307715 telefonoa.

Joan den astean UPNk aitortzen gai hau eraman zuen Nafarroako Legebiltzarrera eta horiek bideratzen dituen batzordearen lana gutxietsi zuen, politikoa zela eta EH Bilduk kontrolatzen zuela esanda. Horren karietara deitu zuen María Chivite lehendakaria legebiltzarrera, eta erantzunen txandan, batzordearen lana defendatzeaz gain, Chivitek azaldu zuen Poliziaren abusuak “eskala handikoak izan zirela eta garai batean baino gehiagotan” gertatu zirela.