argia.eus
INPRIMATU
Espetxe zigorrik ez eta gutxieneko isuna urtarrilean epaitu zituzten Bilboko bi antimilitaristentzat
  • Bilboko Iralako kuartel militarra eraisteko parodia egiteagatik, fiskaltzak 36 hilabeteko espetxe-zigorra eta 9.000 euroko isuna eskatu bazituen ere, Bilboko Epaitegiak bakoitzari 360 euroko isuna ezartzea ebatzi du, espetxe zigorrik gabe. Bilboko KEM talde antimilitaristak Irala auzoari eta Bilbon bizi diren pertsonei "bakearen alde eta gerraren aurka" mobilizatzera dei egin die.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 02a
Argazkia: ARGIA.

Urtarrilaren 24an, Bilboko KEM talde antimilitaristako bi ekintzaileren aurkako epaiketa gauzatu zen, Bilboko Iralako auzoko Espainiako Armadaren kuartela eraisteko parodia egiteagatik. 2021eko abenduaren 18an, #Botakuartela kanpainaren markoan, ekintzaileek ekintza ezbiolento bat egin zuten, gerraren prestaketa Juan de Garay kuartel militarrean hasten dela salatzeko.

Fiskaltzak 36 hilabeteko espetxe-zigorra eta 9.000 euroko isuna eskatu bazituen ere, Bilboko Epaitegiak 720 euroko isuneko zigorra ezartzea ebatzi du, 360 euro bakoitzari. Eta ez die ezarri espetxe zigorrik.

#Botakuartela kanpaina 2021ean hasi zen. Kuartel militarraren 6.500 metro koadroak hiriko pertsonen "bizi baldintzak hobetzeko" erabiltzea eskatzen dute ekintzaileek: "Gerra gizateriaren aurkako krimena da, eta berriro ere, mehatxu nuklearraren ondorioz, planetan dagoen bizitzarentzat arriskutsua". 2023rako aurreikusitako gastu militarraren gorakadak "armamentu norgehiagoka batean" jartzen gaituela salatu du KEMek, biztanleen "bizitza hobetzeko baliabideak kentzen" dituena, eta arma industriaren "onurak handitzen" dituena.

Hortaz, Bilboko talde antimilitaristak Irala auzoari eta Bilbon bizi diren pertsonei "bakearen alde eta gerraren aurka" mobilizatzera dei egin die, Juan de Garay kuartelaren salaketarekin bat eginez.