argia.eus
INPRIMATU
Esperientzia ekoalternatiboak: kontrakotasunari alternatibak gehituz
Z. Oleaga @zoleaga1 2019ko ekainaren 28a
Erraustegiaren aurkako mugimendua edo Gipuzkoa Zutik! daude aztertutako mugimenduen artean. Argazkia: @ZarautzeneZutik.

EHUko irakasle Josu Larrinaga Arzak aletu zituen arlo horretako ikerketaren emaitzarik adierazgarrienak. Espazio ekologistan lanean dabiltzan Gipuzkoa osoko herri mugimenduak eta ekimenak aztertuz osatu da ikerketa. Ekimenen behaketa zuzena eginaz eta mugimenduetako kideak elkarrizketatuz, batik bat.

Mugimendu ekologistarena baztertu eta “esperientza ekoalternatiboez” mintzatu zen Larrinaga. Kontzeptuak azalpen bat merezi du. Herrigintzaren espazio zabal horretan proiektu txikitzaileen aurkakotasunean edo mobilizazio handietan oinarritutako jardun “klasikoez” gain bestelako ekimen berriak garatzen ari dira ikerketaren arabera, geroz eta garrantzi handiagoa omen dutenak. Bizitza oro har edo honen aspektu zehatzak klabe alternatiboetan eraiki nahi dituztenak: kontsumoan, energian edo etxebizitzan, besteak beste. Ikuspegi eraikitzaileek indarra hartu dute ohiko kontrako borroken aldean, baina hauekin batera oro har.

Barne antolaketari eta militantzia moduei dagokienez, borondatezko aktibismoa da nagusi. Soldatapeko langileak ere badira, nagusiki ekonomia sozial eta solidarioaren alorrean. Mugimendu asanblearioak dira ia denak, horizontaltasuna aldarrikatzen dutenak, eta lan modu deszentralizatuak lehenesten dira. Bide horretan barne prozesuei ematen zaien garrantzia hazi egin da, eta dinamizaziorako metodologietan berritasunak garatu dituzte.

Eraldaketarako bidea euren ekimenean eta gaitasunetan kokatzen dute mugimendu ekoalternatiboek. Enpresa eta instituzioekin harremana eskasa eta txarra izaten da oro har, eta talka ohikoa da. Foru Aldundian EH Bilduk agindu zuen urteetan espektatibak igo baziren ere, balorazio kritikoa nagusitzen da. Udal mailan errealitate anitzagoak identifikatu ditu ikerketak. Lorpen batzuk badaude, harremana gorabeheratsua bada ere beti. Politikoki hurbilen sentitzen dituzten indarrekin harreman horiek errazagoak izaten dira oposizioan daudenean gobernatzen baino. Proiektu alternatiboen eraikuntzan engaiatuta dauden talde eta pertsonak harreman aberatsagoa izaten dituzte instituzio gertukoenekin, bereziki teknikariekin, nahiz eta dimentsio pertsonalak zerikusi handia duen.

Mugimendu ekoalternatiboen artean elkarlanak eta plataformak ohikoak lirateke, Larrinagaren esanetan. Saretu eta mapeatu “hitz-gakoak” dira euren jardunean. Elkarrekiko kritikak eta mesfidantzak ere badira, eta elkarlanak oro har bai baina beti ez ditu emaitza positiboak ematen. Ekoalternatiben esparrutik harago, herrigintzaren bestelako antolakunde zein ekimenetan ikuspegi ekologistak presentzia irabazi du. Ikerketak feminismoaren eta ekologismoaren arteko aliantza azpimarratzen du zentzu horretan.

Genero zapalkuntzekiko kezka handia dago mugimendu ekoalternatiboetan, ikerketaren arabera. Kopuru aldetik emakumezkoak gehiengo dira talde askotan, eztabaidatu ez ezik parekidetasuna sustatzeko estrategiak eta erremintak garatu dira barne mailako zein kanpora begirako lanean.

Aniztasuna balore positibo bezala defendatzen dute mugimendu hauek: ideologikoa, jatorrikoa, maila ekonomikoari dagokiona edo adinarena, esaterako. Talde barrukoa ez da izaten hain handia, ekimenetan edo saretzean lortzen dutena, aldiz, aberatsagoa litzateke. Ahultasun handiena migratutako pertsonen eta baliabide ekonomiko eskasekoen presentzia ezan legoke.

Etxebizitza: erabilera balioa sustatzen

Ana Revuelta Andresek Abaraska Etxebizitza Kooperatiboaren egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituen mintzaldiaren bigarren partean. Oraindik ere definizio prozesuan dago Abaraska, ez da errealitate materiala. 60 pertsona inguruk osatzen dute taldea, 28 eta 60 adin tartekoak. Bizitza eredu alternatibo bat garatu nahi dute eraikin komun batean, nor bere arrazoiak akuilu: ekonomikoak edo ideologikoak kasu. Erreferentzia nagusiak Danimarkako eta Uruguaiko etxebizitza kooperatiboetan aurkitu dituzte, baina Bartzelonako La Borda edo Bilboko Egunsentia ere aipatu zituen Revueltak.

Etxebizitza eskubide bezala aldarrikatu zuen Abaraskako kideak, baina eskubidea jabetza pribatutik deslotuz. Erabilera lagapena dute eredu: lur publikoan eraikitako etxebizitzak, erabilera eskubideari mugatuak. Jabea kooperatiba litzateke uneoro. Tokikotasunari garrantzia ematen diotenez auzo dimentsioan pentsatzen dute, horrekiko hartu-eman harreman bat eraikitzea helburu.

Autoantolakuntza oinarria da. Lan talde ugarietan daude antolatuak, prozesuari ematen zaion garrantzia islatzen dutenak: Kutxipandi (elkarbizitza), Komunikazioa, Arkifrikis (arkitektura proiektua), Ekonomia eta Tinder (instituzioekin harremanak), eta beste. Feminismoa zeharkakoa izatea sustatzen ari dira, bioeraikuntzaren alde egiten dute, eta espazio komun eta pribatuen arteko uztarketa bilatzen dute. Finantziazioaren sostengua norbanakoen eta entitateen ekarpenak, eta ekonomia solidarioa eta finantza etikoa oinarri duten antolakundeak izango dira.