Garoñako zentral nuklearra berriro irekitzeko aukeraz –2012tik itxita dago– eztabaidatu behar zuen Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN), baina azken unean adierazi dutenez puntu hori gai-ordenatik kendu eta momentuz datarik ez duen beste bilera baterako utzi dute.
Asteazkenero biltzen da CSNko osoko bilkura. Urtarrilaren 20ko batzarrean Garoñako zentralari exijitutako hobekuntza teknikoez hitz egin behar zen. Aurreko egunetan, hainbat talde ekologistak ohartarazi zuen zentralaren bizitza 2031ra arte luzatzearen aldeko erabakia har zezakeela CSNk, haren jabeak, Iberdrolak eta Endesak osatzen duten Nuclenor enpresak, eskatu legez.
Hala eginez gero, 60 urtez funtzionatuko luke Garoñak, 1971n ireki zuten eta. Espainiako Estatuko zentral nuklearrik zaharrena da, beraz.