argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Kongresuak gobernuari eskatu dio 78ko sanferminetako gertakariak “argitzeko” eta biktimei “aitortza” egiteko
  • 1978ko sanferminetan gertatutako Poliziaren kargak argitzea, horiei buruzko dokumentuak desklasifikatzea eta gertakarietan hildako German Rodriguez biktima gisa aitortzea eskatzen diote Espainiako Gobernuari Kongresuak onarturiko dokumentuaren bidez.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko ekainaren 27a
Sanfermines 78: gogoan!

1978ko uztailaren 8an, Iruñeko Sanferminetan Poliziak tiroz hildako German Rodriguez biktima gisa aitortzeko eta gertakari horiek argitzeko EH Bilduk aurkeztutako proposamena onartu du ekainaren 26an Espainiako Kongresuak. EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen bat du oinarri eskaerak, eta onarturiko proposamen berria erdibideko zuzenketa bat da, EH Bilduk PSOErekin eta Sumarrekin adosturikoa. Aldeko 174 boto jaso ditu testuak –PP, Vox eta UPN aparte, beste guztien babesa bilduta–. PPk eta Voxek aurka bozkatu dute eta UPNk abstentzioa eman du. 

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEk eta Sumarrek konpromisoa adierazi dute egia ezagutzen "laguntzeko" eta Nafarroako Gobernuarekin eta Parlamentuarekin batera lan egiteko, 78ko Sanferminei buruzko dokumentu, informazio eta datu guziak haien eskura jartzeko. Zentzu horretan, EH Bilduk gobernua osatzen duten indar politikoen konpromisoa erdietsi du "1968ko Sekretu Ofizialen Legearen moldaketa bultzatzeko, gardentasunean oinarritutako marko juridiko berri batean aurrera egiteko eta dokumentuak desklasifikatzeko, 78ko sanferminetako gertakarien gisako egoeren egia ezagutzeko eta argitzeko". 

78ko sanferminetako biktimak "oroitzeko eta aitortzeko ekitaldi ofizial bat" burutzeko asmoa ere jasotzen du testuak. Bide horretan, oztopoak oztopo,  'Sanferminak 78: gogoan' bezalako elkarteek "egindako lan nekaezina" azpimarratu nahi izan du EH Bilduk. 78ko sanferminetako eta 1976ko Martxoaren 3ko biktima elkarteen parte hartzea sustatuko dute giza eskubideen aurkako urraketak argitzeko batzordean, EH Bilduk Memoria Demokratikoaren Legea proposatu eta adostutakoa martxan jarrita.

1978ko uztailaren 8an polizia olde bat Iruñeko zezen plazara sartu zen tiroka eta borrak eskuan, amnistiaren aldeko pankarta baten aitzakian. Esku-hartze armatu handiago baten hasiera baino ez zen, hurrengo egunetan Iruñean eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan errepresio polizialak dozenaka atxilotu, ehunka zauritu eta bi hildako utzi zituen: German Rodriguez eta Joseba Barandiaran. Garai hartan bi sumario judizial ireki ziren, baina ezetsi egin ziren eta 1983an behin-behinean artxibatu ziren. Froga edo testigantza berriak aurkeztuz gero, berriz ere zabaldu ahal izango lirateke, eta orduz geroztik badabiltza hainbat herritar eta erakunde 1978ko uztailaren 8ko gertakariei lotutako dokumentuak argitara emateko eskatzen. 

German Rodriguez zena