Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.
Asteartean jada, Espainiako Gobernuak 2025eko gastu militarra 10.471 milioi euroz igoko zuela agindu zuen, eta horrek kirioak dantzan jarri zituen Sumar talde politikoan. Asteazkenean ezagutu zenean Fernando Grande-Marlaska ministroak argi berdea eman ziola 6 milioi eurotako balen kontratuari, alarma guztiak piztu ziren.
Sumar barruko Ezker Batua izan da presio gehien egin duena, eta indar politikoak Espainiako Gobernua uzteko mehatxua ere luzatu zuen asteazkenean, baldin eta erosketa horretan atzera egiten ez bazen.
Koalizio gobernutik gertu diren hedabideen esanetan, Moncloak ere ez ditu ezagutu erosketaren nondik norako guztiak eta deseroso egonda egoera horrekin. Azkenean, Pedro Sanchez gobernuko lehendakariak esku-hartu du eta operazioa eteteko agindu du, modu horretan Grande-Marlaska ministroa ukituta utzita.
Espainiako Gobernu akordioan zehaztuta dago 2023ko urriaren 7az geroztik Espainiak ez diola armarik erosiko Israeli, eta Ezker Batua horretan oinarritu da presioa gorenera eramateko. Pedro Sanchezek berak ere Espainiako Kongresutik bermatu zuen ez zela erosketa berririk sinatuko Israelekin, honek Gazako erasoa eten arte.
Hala ere, El Diario-k ostegun honetan ezagutzera eman duenez, Espainiako Kontratazio Publikoaren Plataforman Israelgo enpresei esleitutako beste bederatzi erosketa agertzen dira, gutxienez, bideratzeko zain.
Orain, Espainiako Gobernuak iragarri du, interes orokorrean oinarrituta, inportazio hori egiteko baimena ukatuko zaiola Israelgo enpresari eta, ondoren, Barne Ministerioak kontratua etengo duela. Lehenago, ordea, operazioarekin aurrera jarraitzeko azalpenetan, Grande-Marlaskak argudiatu zuen erosketa bideratuta zegoela eta kontratua etenda ere berdin ordaindu beharko litzaiokeela Israelgo enpresari.
PPk gogor jo du Espainiako Gobernuaren aurka. Alberto Nuñez Feijook gogor kritikatu du gobernua eta esan du honek kontratua bete beharko lukeela; eta, halaber, haren eteteak zenbat balio duen eta nork ordaindu behar duen ere azaldu beharko lukeela. Kontratua bertan behera uztea “beste latitude batzuetako herrialdeen modura jokatzea” dela azpimarratu du. Bere ustez, “Israel estatu demokratikoa da, eta Espainiak harekin sinatutakoa bete behar du”.