Espainiako Gobernuak 130 milioi euroko ez-ohiko ekarpena egingo du RTVE irrati-telebista publiko espainiarra krisi ekonomikotik ateratzeko. Hedabide publikoko presidente Leopoldo González-Echeniquek adierazi duenez, korporazioak 716 milioi euroko galerak ditu eta “desagertzeko arriskuan” dago.
Industria-partaidetza elkartearen (Sepi) administrazio kontseiluak ostiralean onartu zuen RTVEri 130 milioi euroko ekarpena egitea. Aldi berean, kapital sozialaren 300 milioi euroko murrizketa ere egin beharko dute.
Publizitate bidezko diru sarrerak baztertzen dituen finantziazio eredua martxan jarri zutenetik RTVEk galerak baino ez ditu izan. Horregatik, Echeniquek hainbatetan eskatu du Espainiako Estatuaren laguntza egoera horretatik irteteko, baita finantziazio sistema honen erreforma egitea ere. Baina joan den ostiraleko Ministroen Kontseiluak ez zuen azken eskaera honen inguruko akordiorik lortu.
Estatuaren laguntza jasoko duela jakin eta gero, RTVEko presidenteak kostuak murrizteko “eraginkortasun plan” bat aurkeztuko dio korporazioaren Administrazio Kontseiluari hurrengo astelehenean.
Greziako eta Valentziako irrati-telebista publikoen kasuak
RTVE ez da Espainiako estatuan larri ibili den lehen irrati-telebista publikoa. Valentziako RTVV egoera berdintsuan egon zen, baina erkidego autonomo horretako PPko gobernuak, kate publikoa itxi egin zuen.
Antzeko patua izan zuen Greziako telebista publikoak ere: protesta askoren artean iaz itxi egin zuten, Troikak Greziari emandako finantzazioaren truke agindutako murrizketa politika gogorren ondorioz.