Telebista publikoa, salgai jarrita dagoen Greziaren ikur

  • “Elliniki Radiofonia Tileorasi” (Greziako Irrati-Telebista) dio eraikinaren goiko aldean hizki handiz. Justu azpiko solairuko leihoetatik eskegita dagoen pankartak: “Esnatu. Egin zerbait. Dena ari dira saltzen”. Irrati eta telebista publikoak Troikaren igitaikadatik salbatzeko guduan asko jokatzen du Greziak... eta berarekin Europa osoak.

Reuters agentziarentzat Yorgos Karahalis argazkilariak egindako fotoan, ERT telebista katearen kontrol nagusian ari den langilea malkoak xukatzen, ekainaren 11tik 12rako gauean. Ondoko egunetan Internetez segitu zuten programak eskaintzen. Siryza alderdik
Reuters agentziarentzat Yorgos Karahalis argazkilariak egindako fotoan, ERT telebista katearen kontrol nagusian ari den langilea malkoak xukatzen, ekainaren 11tik 12rako gauean. Ondoko egunetan Internetez segitu zuten programak eskaintzen. Siryza alderdiko Alexis Tsiprasek esan zuen: "Atzo ikusitakoak aurrekaririk ez du ez Grezian, ez Europan. Telebista publikoa ez da itzaltzen ez bada edo herrialdea atzerriko armadak inbaditu duelako, edo estatu kolpe bat gertatu delako". Hamaikagarren greba orokorra zen egun hartan. Aste beteko istilu eta protesten buruan, Auzitegi Gorenak agindu dio Gobernuari telebista berriro piztea. Tsiprasek Syntagma plazan protestan bilduei alderatu zien Samaras "kiebraren Napoleon" batekin: "Baina Samaras ez da ohartu [Napoleon ohartu ez zen bezala], ez zuen aurreikusi Waterloo hau... ERT langileek eta herriaren gehiengoak antolatu diotena".

Ekainaren 11ko gaua ahaztuko    duen greziarrik ez da. Gauerdi izateko ordu erdiren faltan itzali zuen gobernuak bertako telebista publikoa, irratiez gain. Noiz ezagutu da horrelakorik Europan?

Grezian bertan askok estatu kolpetzat hartu zuten. Itxieraren biharamunean El Paisen plazaratu “El cierre de la televisión pública lleva de nuevo a las calles la protesta griega” kronikan Marianjela Paone korrespontsalak kontatu du ERT kateko langile gehienak eraikinean gotortu ziren arren, bertan 27 urte dokumentalista lanean daramatzan Mariak fardel txiki batean atera zituela bere puskak: “Ez nituen nire karpetak galtzeko arriskuan utzi nahi. Hau estatu kolpe baten antzekoa izan da”.

Gazteek ez dakizkiten arren kontuok, aurretik beste behin itzali du telebista gobernuak: 1973an, Junta militarra zegoelarik agintean. Orduan bezala, agintariek hedabide publikoa itxi eta kalera protestan mundua atera da.

ERT zabalik edo itxita egongo da Argia hau irakurleenganaino heldu orduko? Lerrook idazteko egunean jakin da Atenaseko Auzitegi Gorenak agindu diola Gobernuari berriro piztea. Aurretik Andonis Samaras lehen ministroak bazkide dituen bi alderdiek eskatua zioten gauza bera.

Britainia Handiko ezkertiar askoren erreferentzia den Red Pepper aldizkariaren gunean Hilary Wainwrightek idatzi du itxi zuten eguneko kronika, “The day Greece’s TVs went dark” (Greziako telebista amatatu zuten eguna), gertakizuna bere testuinguruan hobeto ulertzeko argibide askorekin.

Samarasek gau erdirako iragarritako itxiera ordu erdiz aurreratu zuen Gobernuak, jendearen erreakzioaren beldur. Berehala bildu ziren 800 lagun Tesalonikako eraikinaren  atarian, dozenaka milaka Atenasen. Han bilduen iritzi nagusia bere egin du Wainwrightek: Samarasen kontrako borroka hau demokrazia salbatzekoa da.

Ez zen egun hartako lehen mobilizazioa. Aurretik zientoka jende zeuden bildurik SOSte to Nero aliantzak deiturik, ur konpainia publikoak pribatizatzeko lege berrien kontra oihuka. Galdezka joan zitzaizkien kazetariei garbi aitortu zieten beren mesfidantza ERTn nagusi den klientelismo ustelarekiko, aldi berean bat eginez pribatizazioaren kontrako borroka berriarekin.

Munduko Bankuak azken hamarkadotan Amerika, Asia eta Afrikako herrialde askori ezarri dioten errezeta –argaldu estatua eta pribatizatu publikoa den oro– Europaren bihotzean ari dira aplikatzen Troika daukatela esku-makil. Greziako irrati eta telebista aldi baterako ixtearekin estrategia horri fruitu hirukoitza aterako liokete: batetik ERT osorik edo zatika pribatizatzea, bestetik komunikazioko erraldoienak diren kate pribatuen nagusitasuna finkatu, azkenik Estatua ahultzea.

Samarasek elektroshocka maite

Grezian lanpostua lortzeko edo sisteman aurrera egiteko oso inportantea omen da visma, Hegoaldeko euskaldunok gaztelaniatik harturik entxufea esaten duguna, frantsesezko piston kontzeptuaren parekide. Telebista greziarra omen da herrialde horretako klientelismoaren ale hauta, langileen buru nagusi daudela politikariek entxufatuak.

Amatatu behar zuten egunean tertulia batera konbidatu baitzuten Wainwright, Europako hedabide ezkertiarren elkartasuna adieraztera joana, telebistan bizi den entxufismoaren xehetasun asko ezagutzeko aukera izan zuen. Natasha izeneko kazetariak esan omen zion: “Nire enkargatuak ez daki ezer; ez jakiteagatik, ezta ingelesez ere”.

Administrazioaren atal orok klientelismoa eduki du lege bakar, azpikoei beldurrez eta zatiketaz ezarriz bere nahia. “Entxufatuek bakarrik zekiten nola funtzionatzen zuen zirkuituak”, idatzi du Wainwrightek. “Baina zirkuitu zaharrak funditu egin dira finantzen krisiaren eta murrizketen eraginez, horregatik proiektuen biziraunarazten ari direnek konexio berriak antolatu behar izan dituzte, sare zaharretik aparte”.

Ironiak ere sartzen baitu behatza historian, bitxikeria gertatu da Grezian ERT irrati-telebistako langileek komunikatzen segitzea erabaki dutenean. Gobernuak emanik eraikinei argindarra eteteko agindua... ez diote obeditu elektrikariek, komunikaziorako beharrezko entxufe benetakoak, loki fisikoak, segurtatu dituelako ustelkeriarik gutxiena edukitzeko fama merezia duen elektrikarien sindikatuak.

Elektrizitatea ez izan aski, ordea, espazioan dabiltzan sateliteak behar ditu gaur eguneko komunikazioak. Andonis Samarasek Israelen aurkitu du laguntza, honen sateliteek bermatzen dutelako Greziako komunikazioa, eta bien tratuari esker telebista publikorik gabe geratu dira greziarren pantailak. Kate pribatuak, aldiz, sasoi betean; hauetatik bidali ditu bere mezuak lehen ministroak, ezin ukatu agerikoa dela  honen sinbolismoa...

ERTko berriemaileek Internetez zabaltzen segitu dute beren seinalea, baita Auzitegi Gorenak berriro telebistak iziotzeko agindua eman ostean ere. Kronikek azaldu dutenez, Greziako baserri inguru askotan batere telebistarik gabe geratu dira, haraino ez delako heltzen pribatuen seinalea, garestiegia nonbait. Eta mugako herri askotan ikus zitekeen telebista bakarra... turkiarra zen, “etsaiarena!” esango lukete zaharrenek. Porrot egin duen Estatuak ezin ditu nazionalismo greziarrak eskatutako minimo sakratuenak ere bermatu.

Zein estrategia ote darabil Andonis Samarasek? ERTren likidazioaren interpretazio hutsik ekonomikoa zabaldu dute Europako hedabide nagusiek hasieran, alegia Samarasek hortxe aurkitu duela Troikak eskatzen dizkion murrizketak kolpe bakarrean burutzeko modua, porrot egin ondoren gas konpainia saltzeko asmoak.

Open Democracy gunean Ilektra Tsakalidou diplomatikoak ildo berean idatzi du orain beranduegi ari direla protestan ERTko langileak, urte gehiegiz isildu dituztela ustelkeriaren gehiegikeriak eta korporazioa bideragarri egiteko plan bat ere ez dela ikusi.   

Aldiz, Tesalonikako unibertsitateko irakasle Alex Benosek Red Pepperreko Wainwrighti adierazi dio Samarasek test bat egin duela horrelako shock bat eraginda, zein urruti iristeko prest dagoen erakusteko. Baita Urrezko Egunsenti ultraeskuindarrekoekin tratua egiteko ere, hala behar badu.

Wainwrightek dio amaitzeko: “Garbi dago [ERTren gatazkak] garrantzia daukala Greziaz gain Europa osoarentzako”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia
Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


Oxala

Ez naiz Greziako Lesbosetik itzuli zaharra. Bertan, Mitilene-n, Zaporeak Elkarte euskaldunak 2.700  asilo eskatzaile ingururi egunean otordu bat eskaintzen die: arroza eta potajea, pita ogia eta fruta ale bana. Duintasunaren muga, 150 gramo errazioko. Arazoa da Kara-Tepeko... [+]


2023-09-26 | Gedar
78 orduko lan astea legeztatu dute Grezian

Egunean hamahiru ordurainoko lanaldiak eta sei eguneko lan asteak; alegia, 78 ordurainoko lan asteak. Horiexek dira Greziako Gobernuak, azken lan erreformaren barruan, legeztatu dituen gehienezko lan orduak. Aurreko ostiralean onartu zuten Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak... [+]


Eguneraketa berriak daude