argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Estatuaren “isiltasuna” salatu eta hori egitea “tortura estaltzea” dela azaldu du EH Bilduk
  • Giza eskubideen urraketa horietan duten erantzukizuna aitortu gabe jarraitzen dutela seinalatu du koalizio subiranistak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2025eko maiatzaren 13a
EH Bildu

Ostegun arratsean ezagutu zen Iratxe Sorzabalen azken sententzia: Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zuen, tratu gizagabeak jasan eta horietan lortutako frogak ontzat jo izana aitortuta. Larunbatean prentsaurreko bateratua eman zuten Egiari Zor Fundazioak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Sorzabalen abokatu Aiert Larrartek: mugarritzat eta historikotzat jo zuten sententzia eta torturaren izaera sistematikoa seinalatu.

Astelehen arratsean hitz egin du EH Bilduk; bere Hegoaldeko idazkaritzaren oharra zabaldu dute prentsara. "Denok dakiguna" berretsi zela adierazi du koalizio subiranistak: "Hemen Espainiako Estatuak tortura sistematikoki erabili duela euskal herritarren aurkako tresna gisa hamarkadetan, eta milaka eta milaka euskal herritarrek jasan dituztela torturak Estatuko Segurtasun Indarrak deiturikoen eskutik". Sorzabalen kasua, "izebergaren punta" baino ez da.

Gauzak horrela, ondorengo esaldiotan zuzenki Espainiako Estatua aipatu gabe, zera adierazi du EH Bilduk: "Arduradun politikoek ezin dute alde batera utzi milaka pertsona torturatuak izan direla eta erantzukizun politikoak ere beren gain hartu beharko direla; are gehiago, ekarpen handia litzateke Euskal Herriko bizikidetza demokratikorako". Koalizio subiranistaren esanetan, "isiltasun zaratatsuan" mantentzen dira lider politiko, instituzional eta komunikabide batzuk, eta "isiltasun hori, une honetan, ekintza konplize bihurtzen da; gaur isiltzea torturatzaileak estaltzea da".