Kutxabanken kontrako auziko abokatuen galderei erantzunez, Espainiako Bankuak esan du kutxa bakoitzak indize horren emaitzetan “eragin” zezakeela.
IRPH interes-tasak kaltetutako bezeroek badute motibo bat gehiago borrokan jarraitzeko. Espainiako finantza erakunde arautzaileak, Espainiako Bankuak, onartu berri du kutxa bakoitzak indize hori manipulatu zezakeela, azkenean bezeroak ordaindu beharreko interesa handiago izan zedin. Familia bakoitzak batez beste 300 euro gehiago ordaintzen zituen hilean hipotekari interes tasa hori aplikatzen zitzaiolako.
IRPH Stop plataformaren arabera Hego Euskal Herrian 40.000 kaltetu egon daitezke. IRPH Cajas 2013an geratu zen bertan behera, baina Kutxabankek aplikatzen jarraitu zuen denbora batez. Orain auzi ugari daude irekita bere kontra epaitegietan.
Auzi horietako batean, zehazki Burgosko Merkataritza Auzitegian jarritako salaketa baten harira, Donostiako Abogados Res bulegoko Maite Ortiz eta Jose Maria Erauskin abokatuen galderei erantzun die Espainiako Bankuak eta bulegoak bere webgunean zintzilikatu du dokumentua (pdf).
Bertan azaltzen denez, kutxek hilero bidaltzen zizkioten Espainiako Bankuari IRPHa errebisatzeko datuak, baina batez besteko sinpleak eginda, ordaindu beharreko azken interes-tasa altuagoa izateko.
Informazio gehiago:
Jose Maria Erauskin abokatuak IRPH eta bestelako gehiegizko klausulen inguruan azalpen ugari eman zituen ARGIAn, “Kutxabankek ahitu egin nahi gaitu” artikuluan.