"Kutxabankek ahitu egin nahi gaitu"

  • Jose Maria Erauskin Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldeko abokatua da. Bankuen gehiegizko klausulen kontra hamaika auzi ditu esku artean. Hernanin antolatutako Bankuen maltzurkeria. Kutxabank kasua mahai-inguruan hitz egin zuen, eta erakunde horren jokabidea hitz bakarraz deskribatu zuen: lukurreria.

Seguruenik IRPHa da Kutxabankek erabilitako gehiegizko klausula eta indizeen artean ezagunena, baina baditu beste gehiago ere.
Seguruenik IRPHa da Kutxabankek erabilitako gehiegizko klausula eta indizeen artean ezagunena, baina baditu beste gehiago ere.

Herrietako aretoak nekez bete ohi diren garaiotan, Hernaniko Biteri Kultur Etxeko gelan hamarnaka lagun bildu ziren iazko abendu amaieran Kaleratzeak Stop plataformak antolatutako mahai-inguruan; Kutxabanken egoerak eta jardunak jendartean sortu duen kezkaren erakusgarri izan liteke agian.

Ekitaldian hiru mahaikide aritu ziren. Javier Olaverri abokatu eta politologoak eta Julian Zapiain EHUko ekonomia irakasle eta ATTACeko kideak oso ikuspegi desberdinez hitz egin zuten kutxen banku bihurtze eta pribatizazioaz.

Mahai-inguruko hirugarren kideak, Jose Maria Erauskinek, familien ekonomia kaltetzen duten eta Kutxabankek erabiltzen dituen zenbait gehiegizko klausula izan zituen aipagai, eta horiek bildu ditugu hemen. Epaitegiek baliogabetuak izan dira, nahiz eta epai batzuk probintzia auzitegiak konfirmatzeko zain dauden. Horien artean ezagunena IRPHa izango da.

IRPH-Cajas

Hipoteken gaineko IRPH-Cajas interes-tasak berezitasun bat dauka: Espainiako bankuak kalkulatzen du, baina kutxek emandako datuen arabera. Hori deigarria suertatzen zaio Erauskini: “Mailegua Euriborrarekin daukagunean, ez bankuak eta ez guk ezin dugu Euriborra baldintzatu, baina IRPHaren kasuan, kutxa guztiek euren bezeroei kobratutako interesen bataz besteko sinplea egiten da, hau da, interes-tasa oso altua ezartzen duten entitateak, oso txikiak izanik ere, IRPHan eragiteko gaitasuna daukate. Eta hala, Euriborra %0,5ean dagoen bitartean, IRPHa %3,94ean dago, %700 altuago. Batez beste hilean 300 euro gehiago ordaintzen dute eta hori sekulako dirutza da, batzuentzat hil ala bizikoa”.

Gipuzkoako Stop Kaleratzeak Donostiako merkataritza-auzitegira jo zuen, salatzeko IRPHa ez zela interes neutro bat. Epaileak klausula baliogabetu du eta gaur egun kontrako 32 sententzia dauzka pilatuta finantza entitateak: “Jakina, Kutxabankek errekurritu egin ditu eta orain zain gaude, ea probintzia-auzitegiak zer dioen. Pentsatzen dut presio handia izango duela finantza eta politika munduko botereengandik”.

Gipuzkoan 15.000 familia inguru daude IRPHarekin, eta banan-banan joan behar dute epaitegira, euren abokatuekin eta tasak ordainduta: “Kutxabanki dirurik falta ez zaionez, dena errekurritzen du, eta horrek ahitu egiten gaitu. Orain kautelazko neurriak ere errekurritzen hasi da. Lotsagarria iruditzen zait. Kaleratze bat izan behar denean, sententzia iritsi bitartean epaileak kautelaz gelditu egin dezake prozesua, baina Kutxabankek errekurritu egiten du erabaki hori, baita irabazi ere, legediak arrazoia ematen diolako. Legalki arrazoia du, baina BBVA eta Rural Kutxak, adibidez, ez dute errekurritzen, sententzia iritsi arte itxaroten dute, baina Kutxabankek ez. Hori lukurreria da”.

Abal-emaileak: ahate izatetik, oilasko izatera

Abal-emaileen kasuaz ere hitz egin zuen Erauskinek, “beste odoluste bat”. Abal-emaileak zordun baten mailegua bermatzen du, hau zorra ordaindu ezinean geratuz gero. Abal-emaileak baditu oinarrizko eskubide batzuk, baina zer gertatzen da horiekin Kutxabanken eta beste entitateen kasuan? Abokatuak oso modu grafikoan azaldu zuen:

“Ahatearen testa bezalakoa da: ahate itxura baduzu eta ahate moduan igeri egiten baduzu, ahatea zara. Bada abal-emailearekin gauza bera. Baina badago klausula bat dioena zure eskubideei uko egiten diezula: uste duzu ahatea zarela, baina ezer esan gabe kirurgia egin dizute, eta hara, oilaskoa zara adiskide! Uste duzu abal-emailea zarela eta egiaz zordun solidarioa zara. Zer esan nahi du horrek? Kutxabank zure etxebizitzarekin geratu daitekeela hipoteka eskatu duenarena baino gehiago gustatzen bazaio. Gurasoen etxea bereganatu nahi izaten dute seme-alabena ukitu ere egin gabe. Hau gertatzen ari da, lau salaketa jarri ditugu”.

Erauskinen esanetan egoera horrek sekulako antsietatea sortzen du zordunarengan: “Badakizu zer den pertsona batentzat gurasoak bere erruz etxerik gabe geratzea? Krispazio eta desoreka ugari sortu ditu familietan”.

Informazio eskubideari uko: oilaskoa putreak jaten duenean

Kutxabankek erabili ohi duen beste klausula batek dio uko egiten diozula informatua izateari zure kreditua beste baten esku lagatzen denean: “Kutxabankek zure kreditua funts-sarraskijale bati saltzen dionean, zuk ez dakizu, informazio horri uko egin diozulako, eta hala, ez duzu kreditua baldintza beretan erosteko aukerarik”. Kutxabankek mailegu horiek euren balioaren %5ean saldu izan dizkie funts-sarraskijaleei, esaterako 2014ko ekainean herritarrek ordaindu ezin zituzten 340 milioi euroko kreditu pertsonalak –60.000 kreditu– 5 milioiren truke saldu zizkion funts bati. Erauskin kexa da, jendeak ere erosiko lituzkeelako prezio horretan: “Badago gauza bat asko gogaitzen nauena. 27.000 euroko mailegu bat Luxenburgoko funts-sarraskijale bati saldu badiozu 400 eurotan, zergatik ez diozu gauza bera eskaini bezeroari? Ez diozulako ezer barkatu nahi”.

Abokatuak azaldu zuen atzerapen-interesak %17,25 kobratzea ere “astakeria bat” dela. Legearen arabera adostasunik egon ezean %4 izan behar du, baina Kutxabankek argudiatu ohi du portzentajea bezeroarekin adosten duela: “Ez da hala izan, mailegu guztiek %17,25 badute, ezin da ulertu negoziaziorik egon denik, jende guztiari inposatu dio hori: hartzen duzu ala ez”. Klausula hori ere baliogabetu egin dute epaitegiek.

Bestalde, garaiz ez ordaintzeagatik egindako erreklamazioarengatik 30 euroko komisioa kobratzen du entitateak eta klausula hori ere baliogabea dela dio Stop Kaleratzeak taldeak: “Komisioa, egindako zerbitzu batengatik kobratu ohi da, eta zer zerbitzu eman dizute? Garaiz ez duzula ordaindu abisatzea? Ohar horrek 30 zentimo baino ez ditu balio; 30 euro desproportzionatua dela esan du epaitegiak.

Aitzitik, Kutxabankek soilik epaitegira jo duenari kentzen dio komisioa eta horrelakorik egiten ez duenari –Erauskinen aburuz normalean prokuradorea eta tasak ordaintzeko dirurik ez duelako– kobratzen segitzen du: “Badago jende heldua 400 euroko alargun-pentsioa besterik ez duena, eta diru hori mailegua ordaintzeko ezarritako eguna baino zertxobait beranduago jasotzen duenez, hilero 30 euro kentzen diote”.

Arazoa ez dira kaleratzeak, gehiegizko klausulak baizik

“Etxetik kaleratzeak bankuen abusuaren ondorioetako bat dira” esan zuen Hernanin Erauskinek. Bere hitzetan abusu horiek jendea pobretzen dute eta lehentasunak markatu behar izaten dituzte: “Badaude pertsonak ezer ordaindu ezin dutenak, eta kalean geratzen dira, horiek dira telebistan ateratzen direnak. Beste askok hipoteka ordaintzen segitzen dute –bankuen abusuen ondorioz gehiegi baloratuta dauden arren– baina ez dute afaltzen edo bazkaltzen. Gaizki elikatutako haurrak daude, IRPHaren 300 euroekin makarroi eta lenteja asko eros daitezkeelako. Sukarra duzunean paracetamola, liburu bat, familiarekin askari  bat... Gauza arrunt horiek ere ezin dituzu eduki, zure diru-sarreren %90 hipoteka ordaintzera bideratzen baduzu”.

Erauskinen iritziz etxetik kaleratzeen kontrako neurriak proposatzen direnean, mesedea bankuari egiten zaio, horrela, bankua “lasai” egon daitekeelako: “Berak etxetik kaleratuko ditu beste batzuek estalpea emango diotela jakinda”. Soluzioa, hortaz, ez omen da kaleratzea konpontzea, bankuen gehiegikerien kontrako lege bat baizik.

Epailea prebarikatzen

“Europa bakarrik geratzen zaigu, hemengo justiziak ez du balio. Magistratu gisa dago La Caixako sistema juridikoa osatu duena”. Sebastián Sastrez ari da, Espainiako Auzitegi Nagusian preferenteen gaia aztertuko duen epaileaz: “Azeria oiloak zaintzen jartzea bezala da”.

Gutxieneko muga edo zoru bat ezartzen duten klausulak ere Auzitegi Nagusira iritsi dira eta baliogabeak direla erabaki dute, baina ezin direla itzuli, horrek sistema publiko-ekonomikoa arriskuan jar dezakeelako: “Zein da irakaspena? Gutxi lapurtzen baduzu itzuli egin beharko duzu, baina asko lapurtuz gero, berarekin geratu zaitezke”.  

Stop Kaleratzeak-eko talde juridikoko kideak etengabe ari dira epaileari Europatik datozen sententziak erakusten, halako erabakiak ezin direla hartu erakusteko, Espainiako legediak baimendu arren. Izan ere, Europako Justizia Auzitegiak 1978ko Simmental epaian dio juezak ezin duela herrialde bateko araudia ezarri Europakoarekin kontraesanean baldin badago: “Pentsatzen ari gara salaketaren bat jartzea juezaren kontra, prebarikazioagatik. Nahiz eta jakin halakorik ezin duela egin, Europak kontrakoa exijitzen diolako, jarraitzen du egiten. Seguruenik elkar estaliko dute, baina gutxienez prentsan aterako da Donostiako epaile bat salatua izan dela”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutxabank
Kutxabankek komisioak kenduko dizkie erabiltzaileen %80ri

Komisioak ezabatu egingo dira 30 urtetik beherako guztientzat eta baldintza batzuk bete beharko dituzte kontua eta txartela doan mantendu nahi duten bezero orok. Urtarrilaren 15ean sartuko da araudi hau indarrean.


Kutxabankek akordioa sinatu du Madrilgo Alantra inbertsio bankuarekin, "hazteko" estrategia berriaren baitan

Kutxabankek inbertsio bankuen sektorean sartzeko pausoa eman du eta akordioa sinatu du sektore horretako Espainiako Estatuko eta Europako eragile nagusienetako batekin, Alantra sozietatearekin. "Enpresen merkatuan" presentzia handiagoa izatea litzateke helburua.


Frantziako Tourrerako atera dituzten ikurrinek EITB, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzaren logoak dituzte

Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.


Antón Arriola (Kutxabankeko presidentea):
"Kutxabankek Euskadiko mugetatik kanpo hazi behar du"

Kutxabankeko presidenteak finantza entitatearen hurrengo urtetarako asmoak azaldu ditu Cebek Bizkaiko patronalak egindako jardunaldi batean. Bere hitzartzean iradoki du Euskal Herritik kanpo hazteko proiektua duela Kutxabankek, eta horretarako banku pribatuetan eta inbertsio... [+]


Eusko Jaurlaritzak 123.000 euroko isuna jarri dio Kutxabanki "arau-hauste larriengatik"

Kutxa zerbitzua ez ematea, eskudirutan ordaintzeko zerbitzua ezabatzea eta "abusuzko praktikak" egitea egotzi dizkio Kontsumobidek erakundeari.


Eguneraketa berriak daude