argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Auzitegi Gorenak laster emango du Galder Barbadoren eta Aitor Zelaiaren inguruko epaia
  • Joan den otsailean ezarritako kondenari helegitea jarri zioten gazteek, eta laster emango du epaia Auzitegi Gorenak. Haien kasuaren egoeraren berri emateko batzar irekiak antolatu ditu ANkerkeriari Stop dinamikak.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 24a

Otsailean lau urteko espetxe zigor bana ezarri zien Espainiako Auzitegi Nazionalak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei. Urtarrilaren 21ean eta 22an egindako epaiketan Zelaiak eta Barbadok armak eta munizioak gorde izana frogatutzat jo zuen epaileak, 2018an. Zortzi urteko espetxe zigorra eskaeraro eutsi zion fiskaltzak.

Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen arabarren defentsak, absoluzioa eskatuz. Behin betiko epaiaren zain daude geroztik. Bi gazteei babesa eta elkartasuna adierazteko sortutako ANkerkeriari Stop! dinamikak iragarri duenez, laster emango du helegitearen inguruko epaia Auzitegi Gorenak.

Horren aurrean batzar irekiak deitu dituzte. Asteazkenean izango dira lehenengoak, Aguraingo udaletxean eta Amurrioko Kultur Etxean, eta datorren astelehenean, azaroaren 29an, hirugarrena, Gasteizko Judimendi Auzo Elkartean. 19:00etan izango dira hiru batzarrak.

Prozesu judizialaren hasieran egin bezala, gazteek jasandako jazarpen politiko-poliziala eta Auzitegi Nazionaleko epaiketaren salbuespenezko izaera salatu du dinamikak. Horrez gain, epaia eman zenetik hona auzipetuek bizitza normala egin ezin izana ere deitoratu dute.