Orain 500 urte Espainiako inperioaren zerbitzura egindako “merituengatik” Elkanoren omenez estatu bat eraikiko du Espainiako Defentsa Ministerioak Madrilen. Proiektuaren gastuak, hala ere, herritarren diru ekarpenekin bete nahi dituzte, Diario Vascok jaso duenez.
Espainiako armada kudeatzen duen Defentsa ministerioa da Elkanoren Mundu Biraren V. Mendeurrenaren ospakizunen sustatzaile nagusietako bat. Horren adibide da Espainiako Estatuko hiriburuko erdigunean Elkanoren omenez eraikiko duten estatua. 2022rako prest izan nahi dute, Mundu Biraren ospakizunen amaierarekin batera. Hala, Gipuzkoatik kanpo dagoen Elkanoren omenezko bigarren estatua izango da Madrilgoa. Bestea Sevillan dago, 1973tik. Getarian Elkanori eskainitako bi estatua eta monumentu handi bat –IV. mendeurrenaren harira eraikitakoa– daude.
Armadak sustatu eta herritarrek ordaindu
Espainiako Armadaren almirante-orde Ignacio Horcada da Espainiako Defentsa Ministerioaren ordezkaria Elkanoren V. Mendeurreneko Batzordean. Diario Vascori adierazi dionez, estatuaren kokapena eta formatua ez daude argi, baina “fundazio bat martxan dugu proiektuaren kostua bideratzeko, herritarren harpidetza bitartez”. Hau da, Espainiako Gobernuaren Ministerio batek sustatutako ekimena izanik ere, herritarrek ordaindu beharko dituzte estatuaren kostuak.
Horcada militarraren ustez, “Elkanok nahikoa meritu egin zuen bere bizitzan madrildar eta espainiar guztien erreferentzia bilakatzeko”, horregatik “Madrilgo erdiguneko leku garrantzitsu batean nahiko genuke estatua”.
2019 eta 2022 artean hainbat ekitaldi, kongresu, film, musika jaialdi, telebista serie, erakusketa eta omenaldi antolatuko dituzte Espainiako gobernuak sustatuta, Andaluzian eta Euskal Autonomia Erkidegoan mendeurrenari heltzeko sortutako ekimenekin batera.