argia.eus
INPRIMATU
Eskuina krisi sakonean: Errepublikanoak-eko presidente Ciotti eta Birkonkista alderdiko Maréchal kanporaturik
  • Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeetarako eskuin muturreko RN alderdiarekin aliantzak osatzeko asmoa plazaratu du Errepublikanoak alderdi eskuindarreko presidente Eric Ciotti-k. Alderdiaren barnean desadostasuna sortu du alde bakarrez harturiko erabaki horrek eta alderditik kanporatzea erabaki du zuzendaritzak. Gauza bera Birkonkista alderdi faxistari dagokionez: RNari lotzeko irekidura plazaratzeagatik kanporatu dute Marion Maréchal, Europako bozketarako zerrendaburu izandakoa.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko ekainaren 13a
RNari juntatzeko asmoz dabiltza eskuineko aurpegi ezagun batzuk eta horrek desadostasunak eragin ditu alderdien baitan. Argazkia: Sipa

Frantziako esfera politikoan mugimendu sakonak ondorioztatu ditu Europako Parlamenturako emaitzak jakin bezain laster Emmanuel Macron presidenteak Legebiltzarra desegin eta hauteskunde berri batzuetara deitu izanak. Eskuina krisi sakon batean murgilduta dago orduz geroztik. Batetik, Errepublikanoak alderdiak bere presidente Eric Ciotti kargutik eta alderditik kanporatzeko erabakia hartu du. Horren alde egin dute aho batez alderdiaren zuzendaritzako kideek eta goi kargudunek, asteazkenean buruturiko bileran. Hain zuzen, ekainaren 30ean eta uztailaren 7an egitekoak diren bozketei dagokionez eskuin muturreko RN alderdiarekin aliantzak egiteko xedea zabaldu du Ciottik, baina ez da alderdiaren postura eta horregatik dute kanporatu. Annie Genevard eta François-Xavier Bellamy dira presidente berriak.

Zortzi ordezkari izatetik 88 izatera pasa zen eskuin muturra 2022an. Europako hauteskundeetan, lehen indarra atera da Frantziako Estatuan, herrien %90 baino gehiagotan lehen kokatuz.

Igande gauerako aurkeztu beharko dituzte alderdiek haien hautagaiak, eta Ciottiren postura sostengatu duen diputatu bakarra –Christelle D´intorni– zerrendaburu ez jartzeko erabakia hartu du alderdiak. Hala eta guztiz ere, aurkeztuko dela baieztatu du D´intornik: "LR Errepublikanoak alderdikoa naiz eta hor gelditzen naiz. Nire ideiak ez dira aldatu, eskuin errepublikanoarenak dira, errepublikanoenak". Bistan da, Ciottik ere gogorki kritikatu du alderdiaren erabakia, "legez kanpokotzat" jo du eta funtsean, ez zen bilerara agertu. Okerrago, bilera aitzin alderdiaren egoitzan ziren langileak kanpo ezarri eta ateak itxi zituen, eta alderdiko ordezkarien harridura eta haserrea areagotu zituen. Ciotti aurkeztuko da, baina LR alderdiak ere aurkeztuko du bere hautagaitza bat, eskuinean, beraz, bi hautagai. 2022az geroztik, 577 diputatuetarik 61 ditu Errepublikanoak-ek, eta horietarik 59 aurkeztuko ditu berriz ere hauteskunde horietarako.

Birkonkista alderdi faxista zatiturik

Ezker muturrak osaturiko fronteari zein Macronen alderdiari aurre egiteko asmoz, RNari batzeko asmoz dabil Birkonkista alderdiko Marion Maréchal ere –ez dezagun ahantzi RN alderdiko Marine Le Pen buruaren iloba dela–. Horrelakorik ez du onartu alderdiko presidente Eric Zemmourek: "Okaztatua eta minduta nago. (...) Traizionatu nau, traidorekerian profesionalez inguratuta dago". "Eskuinen batuketaren hautagaitza bakarraren alde" egitearekin ados agertu zen Europako hauteskundeetarako zerrendaburu zen Maréchal.

RNaren mehatxua

88 diputatu lortu zituen 2022an eskuin muturrak, sekulako saltoa eginez: zortzi ordezkari izatetik 88 izatera pasa zen. Europako hauteskundeei dagokionez, lehen indarra atera da Frantziako Estatuan, eta herrien %90 baino gehiagotan lehen indar gisa kokatu da. Ipar Euskal Herriko 158 herrietatik 92tan ere lehen atera da.

Eskuin muturra boterera heltzeko arriskuaz kontziente, hautagaitza bakarra aurkeztearen alde egin dute ezkerreko alderdiek.

Garaipen olatu horretatik biziki hurbil datoz Legebiltzarrerako hauteskundeak eta seguruenik alde daukan mugimendu hori aprobetxatuko du eskuin muturreko alderdiak ekainaren 30ean ere. Hala ere, erabat ezberdina da dinamika, lekuan leku aurkeztu behar dituztelako hautagaiak alderdiek eta RNaren tokiko ordezkariak ez direlako beti aurpegi ezagunak. Hau da, Europarako aurkezturik Jordan Bardellaren fama ez dute anitzek eta horrek eragina izanen du botoa ematerako unean.

Bi itzulitara doaz hauteskunde horiek eta inskribatuen botoen %12,5 lortuko dutenak dira uztailaren 7ko bozketetara pasatzen ahalko. Frantziako Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan 577 bozka eremuetatik 208tan pasa zen bigarren itzulira RN alderdiko hautagaia. Ikusteke dago aldi honetan zenbatetan pasako den, eta ondotik bi itzulien artean zein alderdik deituko duen argiki eskuin muturrari bidea moztera.

Eskuin muturra boterera heltzeko arriskuaz kontziente, hautagaitza bakarra aurkeztearen alde egin dute ezkerreko alderdiek.