Espainiako Estatuko ikastetxe publikoetako gurasoak "etxerako lanen greba" egitera deitu ditu CEAPA konfederazioak, haurrek eskola orduetatik kanpo egin ohi dituzten etxeko-lanen kalteez ohartarazteko.
CEAPAk egindako ikerketaren arabera, gurasoen %48,5ak uste du etxeko-lanek eragin negatiboa dutela haurren familia-bizitzan. "Asteburuetan gure seme-alabekin aisialdi denbora berreskuratzea planteatzen dugu", dio konfederazioko presidente José Luis Pazosek. Bere hitzetan, eskolako lanak eskola barruan bukatu beharko lirateke. Halaber, kezka azaldu du badirudielako eskola dela asteburu eta oporretan seme-alaben etxeetan zer egin behar den erabaki behar duena. Zentzu horretan, azaroko asteburu guztietarako deitua dagoen grebarekin bat egingo duten gurasoek irakasleei eskatuko diete etxeko-lanik ez bidaltzeko. Irakasleak haien nahia betetzen ez badu, astelehenean gutun bat emango diote, haien seme-alabek etxeko-lanak zergatik egin ez dituzten azalduz. Aurrera begirako helburua ez da soilik asteburuetako etxeko-lanak kentzea, baizik eta haurrek aste barruan egiten dituzten horien gainean ere eztabaida sortzea.
Gehiegizko etxerako lan desegokiei planto
Hego Euskal Herriko eragileek ez dute grebarekin bat egin, baina etxeko-lanen sistema egokitu beharra dagoela pentsatzen dute haiek ere bai. Zentzu horretan, ARGIAko kazetari Mikel Garciak erreportajea idatzi zuen aldizkariaren 2.482. zenbakian, abiapuntutzat hartuta guraso talde batek Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteari luzatutako proposamena: haurrei irakasleek agintzen dizkieten etxerako lanez gogoeta egitea beharrezkoa dela eta horretarako guraso, irakasle eta ikasleak bilduko dituzten foroak eratu behar direla ikastetxeka.
"Eztabaidari serio heltzeko ordua da", zioen Garciak artikuluaren sarreran: "Etxerako lanak bai ala ez? Adin guztietan? Denentzat? Eta denentzat berdinak? Zenbat?"
Erreportajea osorik irakurtzeko: Gehiegizko etxerako lan desegokiei planto.