Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak, Foruzaingoak eta Esquadra Mossoek ez dute atxilotu baten jatorriaren inguruko daturik ematen, soilik adina eta sexua. Eskuin muturraren garaipenerako, Eusko Jaurlaritzak urritik datu horiek ematen ditu.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak Herri Irratian adierazi zuen politika aldaketa horrek “onurak” ekarriko dituela eta “delinkuentziaren diagnostiko zehatzago bat” egiten lagunduko duela, era berean, onartu zuen PP eta Vox-en aldetik presio egin zutela neurria aurrera atera zedin. Ekain Carraskok ARGIAn bildu zuen moduan, aurrerantzean aipatuko duten herritartasun bakarra espainiarra izango bada ere, atxilotuen jatorriaren berri ematen duten kalifikatzaileak erabiltzen hasiko dira, hala nola “magrebtar”, “latinoamerikar”, “europar”, “Saharaz hegoaldeko afrikar” eta “asiar”. Hautu politiko hori anomalia da Espainiako Estatuan, gainerako poliziek ez baitute jatorririk jakinarazten, datu babesagatik.
Nafarroako Gobernuak Foruzaingoan debekatuta dauka jatorri edo nazionalitatea ematea, Diario Vascok jaso duenez. Herrialde Katalanetan, politika da Esquadra Mossoek jatorriaren kalifikatzailerik ez ematea. Polizia talde horien barnean kexuak daudela dio Vocento taldeak, “errealitatea ukatzen” dela kritikatzen baitute hainbat poliziak.
Espainiako Estatuko bi segurtasun indarren kasuan, euren komunikazio politika antzekoa da, azken komunikatuetan ondorioztatu dezakegunez. Polizia Nazionalari dagokionez, azken egunetan argitaratu dute bi anai-arreba adin txikiko atxilotu dituztela, ustez DAES bezalako “erakunde terroristen materiala kontsumitu eta zabaltzeagatik”, era berean, adingabeei sexu-erasoa egitea leporatuta bi pertsona atxilotu dituztela argitaratu dute. Non atxilotu eta nondik ihes egin zuten agertzen da, baina ez nongoak diren. Guardia Zibilaren kasuan, duela bi hilabete kamioilari bati lapurtzeko asmoarekin tiroz jo, harrapatu eta bortizki erasotzeagatik Almerian lau pertsona atxilotu dituztela zabaldu dute sare sozialetan, baina operazio horretan ere ez da jatorririk aipatzen. Ertzaintza da hala egiten duen polizia bakarra Espainiako Estatuan.