argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintza beste 11 pertsona ari da ikertzen, uztailaren 20an Azpeitian izandako liskarren harira
  • Uztailaren 20an, goizaldeko 04:00ak aldera, Azpeitiko Gaztetxearen ondoan jazo ziren gertakariak, gazte batek pilen edukiontzi batean ACAB leloa [All Cops Are Bastards edo "Polizia guztiak sasikumeak dira"] idatzi eta ertzainek isuna jarri ostean. Hasiera batean, 16 urteko gazte bat atxilotu zuen Ertzaintzak, eta hamar gazte ikertu, "desordena publikoen delitua eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua" leporatuta.

Jon Torner Zabala @jtorner 2025eko irailaren 08a
"Poliziaren gehiegikeria" salatu zuen Azpeitiko gaztetxeak liskarren biharamunean. Guka

"Istilu larriak uztailaren 20ko goizaldean gertatu ziren, Ertzaintzaren patruila batek hiri-altzarietan pintada bat egiteagatik gazte bat identifikatu zuenean eta ondasun publikoak narrasteagatik zigortzeko proposatu zuenean", dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako oharrak. "Handik pixka batera, gazte talde handi bat agertu zen Udaltzaingoaren egoitzara, eta agenteei eraso egin zieten. Ertzaintzaren patruilak udaltzainei laguntzera joan ziren, eta egoera bideratzeko esku hartu behar izan zuten. Istilu horien ondorioz, bi ertzain zauritu ziren".

Pertsona bat atxilo hartu zuten orduan, gaztetxearen arabera, "indarkeria handiarekin". Azkenean, pertsona hori askatzeko adostasunera heldu ziren; udaleko zinegotzi batek egin zituen bitartekari lanak. Azpeitiko alkate Nagore Alkortak Guka tokiko komunikabideari jakinarazi zionez, udaltzainek "babes falta sentitu" zuten jende andana elkartu zelako haien egoitzaren atarian, eta horregatik eskatu zioten laguntza Ertzaintzari: "Adierazi nahi dugu gure Udaltzaingoa babestu nahi dugula, eta babesa adierazi nahi diegu atzo lanean ari ziren udaltzainei, baina gertaera horri lotuta esan nahi dut ertzainek neurriz kanpoko hedapena egin zutela". Alkatearen ustez, "segurtasun indarrek istiluak areagotzeko jarrerak izatea ez da onargarria".

Ertzainek ikerketa hasi zuen gertakari horiengatik. Hamar lagun ikertu zituzten hasieran, eta "abuztuan zehar eta iraileko lehenengo egunetan, 18 urtetik 38 urtera bitarteko beste 11 gizon" ikertu dituzte, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.