argia.eus
INPRIMATU
Errumaniako lehen ministroak dimisioa aurkeztu du, eskuin muturraren gorakadaren aurrean
  • Errumaniako presidentetzarako hauteskundeetan Simion eskuin muturreko hautagaiak lortu duen garaipenaren ondorioak azkar heldu dira. Marcel Ciolacu sozialdemokratak dimisioa eman du, ultraeskuinaren hazkundea geldiaraztea xede zuen gobernu koalizioak "jarraitzeko arrazoirik ez" duela argudiatuta. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko maiatzaren 06a
Marcel Ciolacu Errumaniako lehen ministroak dimisioa aurkeztu du. Andreea Campeanu / Reuters

Inkesta guztiek adierazten zuten gisara, George Simion AUR Errumaniarren Batasunerako Aliantza eskuin muturreko alderdiko hautagaiak erraz irabazi ditu igandeko presidentetzarako hauteskundeak. Garaipen horrek erabat irauli du herrialdeko testuinguru politikoa, eta jada nabaritu dira lehen ondorioak: Marcel Ciolacu Errumaniako lehen ministroak dimisioa eman du, eta PSD Alderdi Sozialdemokrata liberalekin batera osatzen zuten gobernutik atera da, ondorioz.

Hain zuzen, sozialdemokratek, Alderdi Nazional Liberalak eta Errumaniako Hungariarren Batasun Demokratikoak osatzen zuten gobernu koalizioa, azken urteetan herrialdean eskuin muturrak izaten ari den hazkundea gelditzeko asmoz. Haatik, azaroaren 24an egin ziren lehen aldiz presidentetzarako hauteskundeak, eta Calin Georgescu eskuin muturreko hautagaiak lortu zuen garaipena botoen %22,9 eskuratuta. Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zituen emaitza horiek, Georgescuren sare sozialetako kanpainak Errusiaren laguntza izan zuela ebatzi baitzuen. Igandeko bozetan ere ezin izan dute saihestu ultraeskuinaren gorakada, eta Simionek bikoiztu egin du bigarren indarrak lortutako babes kopurua.

Eskuin muturra agintera heldu daitekeela ikusita, Ciolacuk PSDko alderdikideekin bilkura bat egin ostean emandako prentsaurrekoan adierazi du gobernu koalizioak jada ez duela "jarraitzeko arrazoirik". Izan ere, maiatzaren 18an egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian Nicusor Dan hautagai independentea lehiatuko da AUR alderdiko buruaren aurka, eta ez Crin Antonescu hautagai ofizialista.

Georgescu lehen ministro?

Dimisioa aurkeztuta, Ciolacuk Errumaniako behin-behineko presidente Ilie Bolojani eman beharko dio lehen ministro berri bat –behin-behinean– izendatzeko ardura. Klaus Iohannis presidentearen (2014-2025) kargua hartu zuen Bolojanek otsailean, azken horrek ere dimisioa eman baitzuen Georgescuren garaipena baliogabetzeak eragindako zalaparta zela eta. Hain zuzen, Simionen garaipenarekin batera mahai gainera atera da Georgescu Errumaniako lehen ministro izateko aukera.

Izan ere, presidentetzarako bozen kanpainan Simionek aipatu zuen Georgescu lehen ministro izatea nahiko zuela hauteskundeak berak irabaztekotan. Egun, sozialdemokratek, liberalek, zentroko nazionalistek, Hungariarren Batasun Demokratikoak eta gutxiengo etnikoak biltzen dituzten alderdiek eserlekuen %65 dituzte parlamentuan. Sozialdemokraten irteerak, ordea, ezbaian jarri du koalizioaren etorkizuna, eta hurrengo parlamenturako hauteskundeetan beste behin eskuin muturrak indarra hartuko duela aurreikusten da.