Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako presidentetzarako hauteskundeetara.
Bost urteko inhabilitazioaz gain, lau urteko espetxe zigorra eta 100.000 euroko isuna ezarri diote Marine Le Pen eskuin muturreko buruzagiari. Beraz, helegitea aurkeztuta ere, ezingo du aurkeztu 2027an Frantzian egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeetara. Errudun jo dituzten beste 24 alderdikideen artean daude, besteak beste, 2011 eta 2018 artean FN Fronte Nazionaleko –2018an aldatu zioten izena RN Batasun Nazionalera– presidente ohia izan zen Louis Aliot eta Bruno Gollnisch egun alderdiko buruzagitzako kidea dena.
2015ean ekin zion RNren inguruan ikertzeari Martin Scuhlz garai hartan Europako Parlamentuko presidentea zenak. Ia hamar urteren ondoren, iazko irailean hasi zen alderdiaren aurkako epaiketa: akusazioaren arabera, alderdiko langileak ordaintzeko erabili zuten Europako Parlamentuak eurodiputatuentzat laguntzaileak kontratatzeko emandako dirua. Zehazki, 4,6 milioi euro desbideratu zituen alderdiak 2004 eta 2016 artean, Parisko Auzitegi Korrekzionaleko epaileen arabera. Europako Parlamentuak, berriz, eskuin muturreko alderdiak 6,8 milioi euro desbideratu zituela jakinarazi du.
Frantziako presidente izateko ametsa, urrunago
Urtarrilean hil zen Jean-Marine Le Pen RNren buru izan zena 1972tik 2011ra, Marine Le Pen alabak haren kargua hartu zuen arte. Hurrengo urtean egin ziren presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzulian hirugarren gelditu bazen ere, nabarmen hazi da alderdiarekiko babesa azken urteetan Frantziako herritarren artean: RN izan zen 2024ko ekainean egin ziren Frantziako Asanblearako hauteskundeetan boto gehien lortu zuen alderdia; ez, ordea, eserleku gehien lortu zituena: NFP Fronte Popular Berriak 182 diputatu eskuratu zituen, eta 143 Le Penen alderdiak.
Horrela, nabarmen hobetu zituen bi urte lehenago eginiko bozetan lortutako emaitzak, ia bikoiztu egin zituen Frantziako Asanblean zituen eserlekuak. 2027ko presidentetzarako bozetan alderdiak joera bere mantentzea aurreikusten dute inkesta gehienek: Le Figaro egunkariak asteburuan kaleratutakoak dioenez, esaterako, lehen itzulian botoen %34 eta %37 eskuratuko lituzke RNk –botoen %30 lortu zituen 2022ko hauteskundeetan–.
Erreakzioak nazioartean
Azkar kaleratu dira Parisko Auzitegi Korrekzionalaren erabakiaren inguruko erreakzioak. Jordan Barella RNko presidenteak sareetan argitaratutako mezu batean adierazi du epaileek ez dutela soilik Le Pen "bidegabeki" zigortu, baita Frantziako demokrazia ere. Dimitri Peskov Errusiako Gobernuaren bozeramaileak egunero kazetarien aurrean egiten duen agerraldian esan duenez, Le Penen aurkako sententziak "arau demokratikoak urratzen" ditu.