argia.eus
INPRIMATU
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian
  • Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak porrotera kondenatzea ekarriko du neurriak, irakasle eta guraso ugarik salatu duenez.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko apirilaren 17a
Bereizketan eta sailkapenean sakontzeko urrats bat gehiago ikusten du askok, hezkuntza inklusiboaren aurka. Argazkia: Freepik

Pasa den abenduan Gabriel Attack-ek iragarri zuen erreforma –Hezkuntza ministro zen orduan, gaur egun Frantziako lehen ministroa da– eta pasa den martxoan argitaratu da “Jakintza talka” izenez ezagutzen den erreforma: irailetik aurrera, Matematika eta Frantsesa ikasgaietan errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte 5. eta 6. mailan dauden ikasleak, eta ikasturte bat geroago gauza bera egingo dute 3. eta 4. mailako ikasleekin.

Talde "txarrera" doan ikasleak bere buruari jarriko dion etiketari eta espektatibei erantzungo die; "badaki berarengandik ez dela ezer espero, zertarako ahalegindu, ez du estimulurik"

PISA azterketen emaitza txarrek eragindako erreforma da, zailtasunak dituzten ikasleak elkartuta haien errendimendua hobetuko dela argudiatuta. Aldiz, kontrakoaren beldur dira ahots kritiko ugari: bereizketak zailtasunak dituzten ikasleak estigmatizatzea eta haien errendimendua okertzea baino ez duela ekarriko diote, talde “txarrera” doan ikasleak bere buruari jarriko dion etiketari eta espektatibei erantzungo dielako, eta ikerketek diotelako zailtasunak dituzten ikaslez osatutako gelan taldeak ez duela aurrera egiten. “Lehen ‘ikasgela zaborra’ deitzen zitzaien eta hor biltzen dituzten ikasleek, sarri sozioekonomikoki baliabide gutxien dituztenak, zaurgarrienak, Pigmalion efektua jasaten dute: badakite berarengandik ez dela ezer espero, eta aurreikuspen horri erantzungo diote, zertarako ahalegindu, ez dute estimulurik”, entzun diogu Xavier Martinez hezkuntza soziologoari, irratian.

Guraso eta irakasleen mobilizazioak

Bereizketan eta sailkapenean sakontzeko urrats bat gehiago ikusten du askok, hezkuntza inklusiboaren aurkakoa, klase ertain eta aurreratuek baizik ez dezaten aurrera egin. Neurria aurrera ateratzeko nahikoa baliabide pertsonal ez dagoela ere gogoratu du hainbatek. "Zentzugabekeria pedagogikoa" salatzeko, irakasle eta gurasoek protestak egin dituzte azken egunotan, tartean Baionako Barracq, Kanboko Errobi eta Hiriburuko Aturri ikastetxeetan.

Martxoaren 17an argitaratutako erreformak dioenez, taldeak irakasleek erabakiko dituzte, ikasleen beharrak ikusirik, eta zailtasunak dituzten ikasleen taldeak txikiagoak izateko aukera egongo da –alegia, ratio hobeak izateko aukera–. Ikasturtean zehar, ikasle batek hobera egiten badu, talde batetik bestera jauzi egin ahalko du, irakasleak hala erabakiz gero.

Neurri polemiko gehiago ere baditu erreformak. Adibidez, ikasle batek mailaz errepikatzen duen erabakitzeko azken hitza orain irakasleak izango du Lehen Hezkuntzan, eta ez gurasoek. Duela gutxi, eskola guztietan uniformea ezarri nahi zuela iragarri zuen Frantziako Gobernuak, eta albiste horrek ere ez zuen inor epel utzi.

Erreformaren aurkako protesta Aturri kolegioaren aurrean.