argia.eus
INPRIMATU
Errausketaren Aurkako Mugimenduak crowdfundinga abiatuko du kutsaduraren kontrol independentea babesteko
  • Erraustegiaren kutsadura kontrolatzeko Zubieta Lantzen elkarteak abiatutako ekimenarekin bat egin du Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) eta herritarrei dei egin die babesteko.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 12a
Towico Watch elkarteko kideak Zubietan eta inguruetan dira laginak hartzen (arg: EAM)

Zubietako herritarrek erraustegiaren kutsaduraren kontrol independentea bermatzeko ekimena abiatu dute eta zientzialari talde bat bertan da laginak hartzen. EAMek bat egin du "kontrol zientifiko ahalegin" horrekin eta iragarri du crowdfunding edo diru-bilketa herrikoia abiatuko duela finantzazioan laguntzeko.

Mugimenduaren esanetan "agintariek egin beharko luketen baina egin nahi ez duten lana gizarte mugimendu batek sustatzen duenez, lan serio honek herritar guztion laguntza behar eta merezi du", horregatik dei egin dute ekimena babesteko.

EAMen oharra osorik:

"Jakina da erraustegiek kutsadura eragiten dutela eta kaltegarriak direla ingurumenarentzako eta pertsonentzako. Jakina da ere batean eta bestean erraustegiek segitzen dutela martxan agintariek ez dituztelako behar bezala neurtzen eta kontrolatzen sortutako kutsadurak. Horregatik pozgarria da ikustea Zubieta Lantzenek sustatutako kontrol zientifiko ahalegina, beraien hitzetan esan bezala “amesgaizto honen aurkako autodefentsa neurri gisa” planteatua.
 
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta haren arduradun diren EAJko eta PSEko buruzagiek ez dute eten nahi erraustegia abian jartzeko erabakia. Gipuzkoako agintari nagusiek ez dute kontuan hartu Gipuzkoan bertan dagoeneko udalerri askotan demostratu dela badirela errausketarik gabeko alternatiba garbiago, merkeagoak eta osasuntsuagoak; ez dituzte kontuan hartu nahi Gipuzkoako herritarren gehiengoaren nahiak eta protestak.
 
Herritar eta talde asko, tartean Errausketaren Aurkako Mugimenduan biltzen garenok, saiatu gara agintarien jarrera aldarazten, baina, antza denez, erraustegien atzean dagoen lobbyarekin alderdi hauek dauzkaten lotura eta menpekotasuna gailendu da. Harro harro diotenez, Zubietako erraustegia laster martxan jarri nahi dute. Guk borrokan jarraituko dugu, ahal bada erraustegia piztu ez dezaten, eta piztuko balute ahalik eta azkarren itzalarazteko. Baina EAJ eta PSEko agintarien jokabidea ikusita, prest egon behar dugu erraustegiaren kalteak ezagutu eta neurtzeko ere.
 
Agintariek egin beharko luketen baina egin nahi ez duten lana gizarte mugimendu batek sustatzen duenez, lan serio honek herritar guztion laguntza behar eta merezi du. Horregatik, Errausketaren Aurkako Mugimenduak babes osoa ematen dio ToxicoWatch eta Euskal Herriko beste enpresa batek egingo dioten ikerketari eta gure bitarteko guztiak jarriko ditugu gardentasun ariketa hau ahalik eta herritar gehienengana iritsi dadin, denok jakin dezagun gure ingurunea dagoeneko nola dagoen, eta erraustegia pizten badute, gauzak zertan diren.
 
Horrez gain, horrelako ikerketa abian jartzeak koste ekonomikoak dauzkanez eta herritar asko prest agertu garenez gure aportazioa egiteko, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak finantzazioa lortzen konprometitzen gara. Datozen egunetan crowdfunding edo diru-bilketa herrikoi bat abiatuko dugu, norbanako eta eragileei zuzendua, ekimen honek bere fruituak eman ditzan, eta herritarrok kutsadurari buruzko gure datu zientifikoak gure eskuetan izan ditzagun".