argia.eus
INPRIMATU
Erorien monumentuan ezkutuko grabaketak egiteagatik urtebeteko espetxe zigorra Clemente Bernard dokumentalistari
  • Erorien monumentuaren kriptan, faxismoaren omenez egiten diren meza eta ekitaldien berri izateko, ezkutuko grabaketak egiteagatik urtebeteko kartzela zigorra ezarri diote Clemente Bernard dokumental egileari. Bere kidea den Carolina Martinez errugabe jo du epaileak, haren kontrako frogarik ez baitu topatu. Gurutzearen Zaldun Boluntarioen Anaiartearen intimitate eskubidea urratu zela dio epaileak.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2019ko apirilaren 10

1.200 euro

Erorien monumentuan faxismoaren alde egiten diren ekitaldiak argitara ateratzeko asmoz kamera eta mikrofono ezkutuak jarri zituela aitortu zuen Clemente Bernard-ek epaiketan.Baina epailea ez da jarduera horiek legezkoak diren edo ez ikertzen sartu, dokumental egilearen jardunean jarri du begipuntua epaian. Grabaketa hauek indiskriminatuak izan zirela, baimenik gabekoak eta publikorako itxita den areto batean egin zirela dio. Urtebeteko kartzela zigorra eta 1.200 euroko isuna ezarri dio Bernard-i.

Bernardi berari elkarrizketa egin genion ARGIAn, kasu honen inguruan: "Mola eta Sanjurjoren aurrean otoitz egiten dutenak dira gure kontra jo dutenak".

Albistea Euskalerria Irratiak kaleratu du eta CC-By-SA lizentziapean ekarri dugu ARGIAra.