Erabakitze eskubidearen inguruko jardunaldia antolatu dute Boiseko (Idaho, AEB) euskal kulturaren jaialdian. Ostegunean izanen da ekitaldia, eta bertan parte-hartuko dute Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari oihak, Gure Esku Dago dinamikako kide batek eta Columbiako Unibertsitateko aditu batek.
Agirre Lehendakaria Center, Columbia University eta Gure Esku Dagok antolatu dute erabakitze eskubidearen aldeko dinamika hau, eta Boiseko alkate David H. Bieter-ek emanen dio hasiera ekitaldiari.
Ibarretxek bere ikerketa lanaren gaineko azalpenak emanen ditu hitzaldian: “Giza Garapen jasangarriaren eta eraldaketa sozio-ekonomikoaren esperientzia euskalduna 1998-2008 arteko aldian, tradizionalki elkarren arteko loturarik gabeko hiru alor garrantzitsutan: ekonomia, oreka soziala eta bakea”.
Columbiako Unibertsitateko AC4-The Earth Instituteko zuzendari Joshua D. Fisher erabakitze eskubidearen inguruan Euskal Herrian dagoen iritzi publikoaz arituko da hizketan, eta Gure Esku Dago dinamikaren inguruan egiten ari diren ikerketa ere izanen du mintzagai.
Azkenik, Gure Esku Dago dinamikako kide eta AEBetako euskal diasporaren partaide den Jon Camiok dinamikaren ibilbidea aurkeztu eta etorkizunera begirako helburuak azalduko ditu “Future, Decision, Together” hitzaldian.