Gogoan duzu Enric Duran katalana? Proiektu sozialak finantzatzeko kredituak eskatu zituen hainbat bankutan, eta horiek ez ordaintzeagatik justizia atzetik du orain. Klandestinitatetik, elkarrizketa eskaini dio CNT sindikatuko egunkariari, dirua zertara bideratu den kontatzen duen dokumentalaz hitz egiteko.
2008an, Duranek 492.000 euro eskatu zituen kreditutan, 39 bankutan. Fiskaltzak zortzi urteko kartzelaldia eskatzen du harentzat, baina bere burua errugabetzat du Enric Duranek, "banku-kredituaren kontratuak ez duelako oinarri legalik" eta bere ekintzak "egindako okerra baino askoz onura handiagoa sortzea" zuelako helburu.
Retorn, una historia que vam construir juntes dokumentalean azaldu dute diruak finantzatu dituen proiektuak (ez guztiak, zenbait kasutan arazo legalak izango lituzketelako).
Kooperatiba Integral Katalana (CIC) da ekimen nagusia: 300 proiektu kooperatibo baino gehiago eta milaka pertsona biltzen ditu egitasmoak. "Egungo sistemak inposatzen digun panorama, desobedientzia, eta alternatibak eraikitzea dira ekimen kolektibo honen motorra", diote dokumentalean.
Duranek elkarrizketan azaldu duenez, "batzuetan jarrera oso itxiak ditugu diruarekin. Ekonomikoki jasangarriak diren ekimenak sortzeko iniziatiba eta ausardia handiagoaren beharra bota dut beti faltan. Argi dago ez dela erraza eta lana dagoela atzean, baina norbaiten aginduetara soldatapeko izatea ez da koherenteena, antolaketa mota autoritarioak mantentzearen kontra dagoenarentzat (…) Ez da zaila gure baloreekin bat datorren gizartea irudikatzea, baina sarri ezinezkoa edo oso urrunekoa iruditzen zaigu, eta askoz ere gutxiagorekin etsi egiten dugu".
Informazio gehiago:
Gaiaz erreportajea egin genuen ARGIAn: Intsumisioa kapitalismoari.