Martxoak 8 Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna da. Urtero moduan emakumeen eta gizonen eskubide berdintasuna helburu duten erakunde, talde eta norbanakoak kalera aterako dira. Emakume langileak gizonaren parera iristeko koska falta badu oraindik, krisiak helmuga urrunarazi du.
Gaur 12:30ean, Gasteizko Parlamentuan enpleguari buruz jardungo dute, eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako Plataformak elkarretaratzea deitu du “feministon ahotsa eta aldarrikapenak entzunarazteko”.
Emakundek eta Euskal Herriko hiriburuetako Martxoak 8ko koordinadorek elkarretaratzeak deitu dituzte arratsalderako:
Donostian, 19:30ean Boulevardean.
Bilbon, 19:30ean Arriaga Antzokian.
Gasteizen, 20:00etan San Antonen.
Iruñean, 20:00etan Gaztelu Plazan.
Baionan, 18:30ean Herriko Etxearen aitzinean.
Informazio gehiago:
ARGIAn parekidetasunaz hausnartu duten hainbat emakumeren elkarrizketa eta erreportajeak bildu ditugu hemen. Bestetik, Feminismoaren kanalean gaiarekin lotura duen material guztia topatuko duzu.
Mari Luz Estebanekin elkarrizketa. Bertatik pasarte bat: “'Zer da emakume izatea gaur egun?’. Eta zaila da horri erantzutea. Baina, erantzunez, esango genuke emakumea dela pertsona bat, maitasuna bere identitatearen erdigunean jarri duena, edo hobe esanda, jartzera bultzatu dutena. Oso zaila da gizon bat topatzea, bakarrik, horri emana bizi dena”.
Isabel Uriarekin elkarrizketa: “Ezin dugu inozoak izan, gure askatasunak prezioa du oraindik, eta oso garestia. Kolektibo gisa odolez ari gara gure askatasuna eta eskubideak ordaintzen, eta odol hori gelditzen ez den bitartean ez dugu eskubiderik irabazi, trukea baino ez da, eskubideak odolaren truke”.
Empar Pinedarekin elkarrizketa: “Gure garaian feministok ginen emakumeentzako eskubideak eskatzen eta aldarrikatzen genituen bakarrak. Gaur egun, gero eta emakume gehiagok goratzen dute ahotsa beren eskubideen alde eta Gobernuko instituzioek ere hitz egiten dute berdintasunaz, famili-plangintzaz,...”
Beatriz Preciadorekin elkarrizketa: “XXI. mendeko iraultza horixe da, emakumea ez dela feminismoaren subjektua, subjektu hori etortzeko dago”.
Josune Muñozekin elkarrizketa: “Hasieran uste nuen Stockholm sindrome handia genuela Euskal Herriko emakumeok; gero konturatu nintzen beldur handia zegoela, eta geroago ohartu naiz garbikeria kontua dela”.
Ondarroako Zaldupe Eskola Publikoko esperientziaz erreportajea. Eskolako jolaslekuan behaketa interesgarria egin zuten. Neska-mutilak non eta nola kokatzen ziren aztertu zuten, eta konturatu ziren nola futbolak mutilak erdigunera zeramatzan, eta neskak bazterretara.