argia.eus
INPRIMATU
Emakume bati sexu abusuak egiteagatik, bigarren kartzela zigorra ‘La Manada’-ko lauri
  • Pozoblancoko (Andaluzia) kasuagatik, fiskaltzak espetxe zigorra eskatu du Sanferminetako talde bortxaketan parte hartu zuten bost kideetatik laurentzako. Espainiako Ministerio Publikoaren idatziak argi adierazten du konorterik gabe zegoen emakume bati sexu abusuak egin zizikiotela.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 22a
Iruñeko kasuaren gaineko epaia jakitera eman ostean egindako mobilizazioa Iruñean (Argazkia: Ekinklik Argazkiak)

Pozoblancoko gertakarien harira, Kordobako fiskaltzak sexu abusuengatik hiruna urteko espetxe zigorra eskatu du lau akusatuentzat, eta intimitatearen kontrako delituagatik beste launa urtekoa. Horrez gain, 720 euroko isuna ezarri dio beraietako bati, emakumeari eragindako lesio arinengatik.

Erasoa Sanferminetako bortxaketa baino pare bat hilabete lehenago jazo zen, 2016ko maiatzaren 1ean. Gaua jai giroan igaro ostean, autoan etxera hurbiltzea eskaini zioten emakumeari. Grabaketek erakusten dutenez, behin autoan, lau gizonezkoak sexu abusuak egin zizkioten. Erasotuak konortea galduta zetzan, nahiz eta ez den argitu egoera hori zerk eragina zen: jakinaren gainean egindako droga kontsumoak, ala oharkabean irentsitako sustantziaren batek. Idatziak jasotzen duenez, konorte galera medio, emakumea ez da gogoratzen autoean egindako ibilbidean gertatutakoaz.

Pozoblancora heldutakoan, erasotzaileetako hiru autotik jaitsi ziren eta laugarren batek aurrera egin zuen, emakumea oraindik autoan zela. Konortea berreskuratzean gidariak harreman sexualak izatera bultzatu nahi izan zuen, eta emakumearen ezezkoaren aurrean, kolpatu eta iraindu egin zuen, autotik botaz.

Sanferminetako kasuaren epaiketan kontutan hartu gabeko erasoa

2016ko Sanferminetan jazotako talde bortxaketaren harira abiatutako ikerketaren bidez jakin izan da Pozoblancoko erasoari buruz, fiskaltzak jakitera eman duenez. Akusatuetako baten mugikorrean aurkitu zituzten erasoa jasotzen zuten irudiak. Alabaina, Sanferminetako talde bortxaketa kasua epaitzerako orduan gertakariok ez dira kontutan hartu, ez aurrekari ez aztarna gisa.

Iruñeko erasoari dagokionez, Espainiako Auzitegi Gorenak kasuaren gaineko epai irmoa eman artean bost bortxatzaileak aske mantentzeko erabakia hartu zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak. Orain, Nafarroako Lurralde Auzitegiak akusatuei eskatutako bederatzina urteko kartzela zigorrari beste zazpina urteko zigor eskaera hau gehitzen zaio. Kordobako fiskaltzak Pozoblancoko kasuaren larritasuna azpimarratuta, ikusteke dago Kordoban edo Iruñean akusatuen askatasun egoera berriz baloratuko den.