argia.eus
INPRIMATU
“Elkanoren balentria ikaragarria” ezagutzera eman nahi duen fundazio publikoa aurkeztu dute
  • Ostegunean aurkeztu dute Donostiako San Telmo museoan Elkano Fundazioa, “Elkano: Euskadi around the world, again" lelopean. Juan Sebastian Elkanoren mundu biraren 500. urteurrenaren harira egingo diren ekimen eta ospakizunak kudeatzea izango du helburu. Horretarako Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia, Urola Kostako Elkartea eta Getariako Udalaren sustengo politiko eta ekonomikoa jaso du Fundazioak.

Axier Lopez @axierL 2018ko abenduaren 14a
(Erdian, ezkerretik eskuinera) Arantxa Tapia, Markel Olano, Getariako alkate Nika Lertxundi, Elkano Fundazioko zuzendari Ion Irurtzun eta Denis Itxaso, besteak beste, izan ziren Fundazioaren aurkezpenean. Argazkia: Gipuzkoa Kultura

2019an hasi eta 2022ra arte egingo du lan Jon Irurtzunek zuzenduko duen Fundazioak. Espainiako Armadaren zerbitzura aritutako itsasgizon getariarraren izena "Euskadi nazioartean ordezkatzeko marka" bihurtzeko asmoa dutela berretsi dute aurkezpenean, "gure herriaren kultura, ekonomia eta gizartea garatzeko" asmoz.

“Elkano: Euskadi around the world, again"

Elkanori buruz informazio eta ezagutza eskasa dugula adierazi du aurkezpenean Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun nagusiak. Eta hala, Elkanori buruzko ikerketa eta ezagutza handitzeko bideratutako hainbat ekimen antolatu dutela iragarri dute; tartean, Kanadako Notre Dame unibertsitatean Elkanoren inguruko katedra bat abiatzea.

Fundazioaren webgunea ere zabaldu dute: www.elkanofundazioa.eus. Han jaso dute datozen hiru urteetarako lanketaren ikuspegia. Webgunean ez dira islatzen Juan Sebastian Elkanok Espainiako Erresumako inperialismo, Asia eta Amerikako konkistarekin eta, orohar, biolentziarekin izan zituen harreman estuak; itsasoarekin lotutako pasarte atseginak azpimarratzen dituzte. Diotenez, asmoa da Elkanoren inguruan marka bat sortzea, "euskaldunek gizateriari egindako ekarpenari balioa emanez" eta "euskaldunak bereizten gaituen indarra eta ausardia" aintzat hartuz, nazioartera "Euskadi" ezagutzera emateko. Horretarako, hainbat ekimenen berri jaso dute jardueren atalean: kongresu gastronomiko bat antolatuko dute, "Elkano, lehen mundu bira" animaziozko filma sustatu dute, 2019ko uztailean "Horizonte Elkano" jaialdi eta estropadak antolatuko dituzte eta irteera turistikoak antolatuko dituzte Getaria itsasontziz ezagutzeko, beste batzuen artean.

Espainiako Gobernuarekin harremanetan

EAEko instituzioez gain, Espainiako Gobernuaren eta Andaluziako instituzio publikoen aupada izango dute mundu biraren 500. urteurrenak eta Elkano markak. Sanchezen gobernuak “Lehen Mundu Biraren Bidaiaren V urteurrena ospatzeko batzorde nazionala” sustatu du eta haren bitartez, Carmen Calvo ministroak berriki adierazi duenez, “Espainiako historiaren alderdirik onenaren berri emango dugu”.  Elkano Fundazioko zuzendari Jon Irurtzunek aurkezpenean adierazi zuenez, Espainiako Gobernuaren ekimenarekin "harreman iraunkorra" izan eta izango du Elkano Fundazioak.

"Zer dugu ospatzeko? Zer dute ezkutatzeko?"
Juan Sebastian Elkanoren Mundu Biraren V. Mendeurrenaren harira erreportajea argitaratu genuen ARGIAren 2609 zenbakian.