argia.eus
INPRIMATU
Elizaren sexu abusu kasu gehiago salatu dituzte Elgoibarren eta Bilbon
  • Elgoibarko abade batek 1960ko hamarkadan haurrak zirela egindako sexu abusuak salatu dituzte hainbat herritarrek. Berria egunkariak, "Don Andoni" bezala identifikatu duen abadeak egindako abusuen testigantzak jaso ditu. Bestalde, Bermeoko Jose Done ikastetxeko apaiz pederastak, Bilboko Santutxu auzora aldatu zutenean ere sexu abusuak egin zituela egiaztatu EiTBk.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko abenduaren 15a

Elizako pederastia kasuek ez dute etenik eta behin eta berriz ari dira azaleratzen testigantzak azken urteotan, baita Euskal Herrian ere. Hedabide honek, esaterako, Derioko Seminarioko zuzendari espiritual Manuel Estomba irundarraren kasuaren berri eman zuen 2019an.

Oraingoan, salaketak Elgoibarko herritarrek egin dituzte eta Berria-k jaso ditu haien testigantzak. "Don Andoni" izeneko abade batek –ez da haren izen osoa ezagutarazi oraingoz– San Roke auzoko eskolan latineko klaseak ematen zizkien haurrei 1960ko hamarkadan egindako abusuak kontatu dizkiote Jone Arruabarrena kazetariari.

Don Andonik haurrak zigortzeko aitzakiapean haien etxera joanarazten zien igandetan: "Eskua sartzen hasi zitzaidan izterretatik, eta ukituak egiten. Ni beldurtatuta nengoen, paralizatuta", esan dio haietako batek kazetariari. Gertatutakoa isildu egin zuen testigantza horrek eta 40 urte eduki arte ezin izan zion inori kontatu.

Don Andonik haurrak zigortzeko aitzakiapean haien etxera joanarazten zien igandetan

Halako kasu gehiagoren berri ere izan du Arruabarrenak eta herritar askok horren "kontziente" zirela ziurtatu diote. Abadea tokiz aldatzerakoan, Donostiako Altza auzora, dirudienez han ere sexu abusuekin jarraitu zuen.

Bermeoko pederasta, Bilbon ere pederasta

1980ko hamarkadan Bermeoko Jose Done ikastetxeko haurrei sexu abusuak egindako "Felipe anaiak", Bilbora tokiz aldatu zutenean, erasoekin jarraitu zuela ziurtatu du EiTB. Zehazki, Santutxuko Berri-Otxoa eskolan ibili zen 1982tik 1988ra, eta hedabide horrek egiaztatu du hainbat laguni egin zizkiela sexu abusuak.

"Umeen maitasuna lortzen zuen, eta ondoren, bulegora eramaten zituen, belaunetan eserarazten zituen, eta ukipenak egiten zizkien, musutxoak eman...", adierazi du haietako batek. Beste testigantza baten arabera erreparorik gabe egiten zituen abusuak eta taldeka eramaten zituen haurrak, "banan-banan abusuak egiteko".

Bermeoko pederastaren kasua Asier Sánchez EiTBko kazetariak egindako ikerketa bati esker jakin zen eta gutxienez 13 biktima identifikatu dituzte. Hain justu, hedabide horrek orain jakin du pederastak haietako hiruri aitortu diela abusuak egin izana eta "barkamena" ere eskatu diela, "baina bideoz egin zuen eta bilera pribatu batean". Biktima horiek barkamena publikoki eskatzea nahi dute.