Frantziako Estatuak eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak asilo eskaera ukatu ostean, azken momentuan Pirinio Atlantikoetako Prefeturak sei hilabeterako baimena eta askatasuna eman dio Edehri.
Paueko Auzitegiak hartu du erabakia, medikuek emandako gomendioei jarraituz. Trauma ondorengo nahasmendua diagnostikatu diote neskari.
Lesbiana izateagatik 14 urteko espetxe zigorra jasoko luke Edehek Nigerian, eta erahila izateko etengabeko arriskuan legoke. Frantziak asilo eskaera ukatu zion, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ere atzera bota zuen babes eskaera.
Hendaiako atxikitze zentroan egon da Edeh, 26 urteko emakumea, uztailaren 24az geroztik. Baionako Auzitegiak asteazkenean erabaki zuen han jarraitu beharko zuela, baina Prefeturaren erabakiak askatasuna eman dio azkenean, osasun arazoak medio. Baionako Auzitegira hurbildu ziren hainbat erakunde neskari babesa eskaintzera, hala nola EGHAM, SOS Arrazakeria, edota SOS Homofobia elkarteak. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik ere sostengua adierazi diote Edehi.
Abuztuaren 20an zuen Nigeriara itzultzeko hegaldia Edehek, administrazioak jarrita. Azken momentuan egondako erabaki aldaketak, ordea, sei hilabetez behintzat Frantziako Estatuan gelditzeko aukera emanen dio neska nigeriarrari.
Elita Edehek Nigeriatik ihes egin zuen auzokideek bere bikotekidea erahil eta gero. Bere beste bi pisukideak atxilotu egin zituzten eta 14 urteko kartzela zigorra betetzen ari dira, lesbianak izatea leporatuta.
AEBetara iritsi zen Edeh lehenik, baina herrialdean sartzen ez zioten utzi, eta uztailaren 3an Parisera bidali zuten. Frantziak zortzi eguneko epea eman zion orduan neskari Estatua uzteko. Muga pasatzen ari zela, poliziak atxilotu zuen gazte nigeriarra Hendaian.