argia.eus
INPRIMATU
ELBko laborariek Baionako portua blokeatu dute
  • Aste osoan Frantziako Estatuko laborariak egiten ari diren mobilizazioen testuinguruan egin dute ekintza, merkatu librearen baldintzek Ipar Euskal Herriko laborariei duin bizitzeko ezartzen dizkieten zailtasunak salatzeko. 6:00etatik ari dira blokeatzen Baionako portua.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urtarrilaren 26a
ELBko laborariak Baionako portua blokeatzen. (Argazkia: Euskal Irratiak)

“Laborariak Baionako portua blokatzen ari dira, merkatu libreak eragiten duen lehia desleialaren salatzeko! Nazioarteko akordioek laborariak prekarizatzen dituzte!”. Hori da Baionako portuaren blokeoa aurrera daramaten ELBko nekazariek sare sozialetan zabaldu duten mezua. Baionako beste hiru industriagunetan ere mobilizazioak bideratzen ari dira sindikatuko hainbat talde.

Azken egunotan, estatu mailako FDSEA eta Jeunes Agriculteurs (Nekazari gazteak) sindikatuetako nekazariek Frantziako Estatuko hainbat autobide eta errepide moztu dituzte, eta laborarien arazoak lehen lerrora atera dira. Ipar Euskal Herrian ere A-63ko autobideko hainbat gunetara eraman dituzte protestak eta, ondorioz, azken egunetan hilera handiak sortu dituzte.

Egoera konplexuaren analisi desberdinak dituzte nekazari munduko hainbat sektorek, eta FDSEA eta Nekazari Gazteen sindikatuek, adibidez, Europar Batasunetik “inposatzen zaizkien” arau gero eta zorrotzagoak salatzen dituzte. Ustiaketa handiak oinarri dituen nekazaritza eredua da sindikatu horien zutabeetakoa eta hiru aldarrikapen nagusiren bueltan ari antolatzen beren mobilizazioa: “laborarien duintasuna berreskuratu, bizitza duina bideratzeko errenta berreskuratu eta gehiegizko arauen arintzea”.

Frantziako sindikatu txiki ugari biltzen dituen –tartean ELB, Euskal Laborarien Batasuna– Confederation Paysanne sindikatuak oso bestelako ikuspegia du arazoei buruz, baina bat egin du protestekin “laborari ororendako lansari duina eta merkataritza-librearekin hausteko" eskatuta.

ELBren ustez, idortea dela eta, espekulazioa, eritasunak... "laborariak ez dira sekulan krisiez babesturik. Baina ez dira
krisiak bakarrik, sistema osoak ditu etxaldeak ahultzen! Orain duela 70 urte plantan ezarri ziren logikekin hausteko tenorea da. Dinamika horiekin gure etxaldeak enpresekin ordezkatu nahi dituzte, gure jakintzak prozedurekin, eta laborariak teknologia berriekin".

Confederation Paysannerekin bat eginda bi aldarrikapen nagusi plazaratzen dituzte ELBtik. Bat, lege bat laborantza produktuak ekoizpen kostuen azpitik saltzea debekatzeko. Eta bi, Europar Batasuneko Mercosur merkataritza-askatasun akordioa bertan behera uztea, "negoziaketan diren nazioarteko akordioei buruzko moratoria bat eta indarrean diren akordioen berrikuspen
bat merkatu-libreko politika horrek sortzen duen lehia desleiala aztertzeko".

FDSEA eta Nekazari Gazteek jakinarazi dutenez, 14:00etatik aurrera Paris inguruetan bost hesi eraikiko dituzte protesta estatuko hiriburura eramateko. Oraingoz Frantziako Gobernua tentuz ari da protestarekiko eta, oro har, ez die erantzun protestei segurtasun indarren bidez.

Argazkia: ELB
"Errenta duina nekazarientzat", horra ELBko laborarien aldarria Baionako portuan. (Argazkia: ELB)

Irulegiko Irratiak sare sozialetan zabaldutako bideoan ikus liteke laborariak portura sartzen ari diren unea: